Talde zuri-gorriak gaur goizean galdu du Deportivo Alavesen aurkako bere lehen lagunartekoa. Partida ateak itxita jokatu da Lezamako 7. zelaian eta 1-3ko emaitzarekin bukatu da. Hain zuzen ere, Arabako taldeak garaipenarekin itxi du astea, asteazkenean Basarten (Amurrio) Athleticeko lehen taldearen aurka galdu eta gero (2-0).
Bi taldeek Reto Iberdrola jokatuko dute aurrez aurre eta Iparraldeko taldearen barruan azpitaldea partekatuko dute. Iraia Iturregiren taldeak ondorengo hamaikakoarekin hasi du norgehiagoka: Eunate Astralaga, Zeberio, Amaia Martinez, Julene Palacios, Landaluce, Clara, Mara, Iribarren, Mañoso, Urzainqui eta Muniozguren. Atezainen bi lesioen ondorioz (Paula Esteban eta Arrate Juste), zuri-gorrien entrenatzaileak zutoinen azpian Eunate jarri du.
Partidako lehen minutuetan berdintasun handia egon da, eta pixkanaka Athleticek partidaren kontrola hartu du. Lehen zatian, Urzainquik eskuin hegaletik etorritako erdiraketa bat baliatu du gol sartzeko. Zuri-gorriak 1-0ekoarekin joan dira atsedenaldira. Hala ere, Alavesek markagailuari buelta eman dio bigarren zatian eta garaipena lortu du, Sanadriren eta Maiaren golei esker, amaiera 1-3ko emaitza izanda.