Biodibertsitateari eta natura-ondareari buruzko Ingurumen Komunikazioaren Eskola abiarazi da UPV/EHUko Udako Ikastaroetan

0

Asier Arresek, HAZIko zuzendariak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren izenean, eta Itziar Alkortak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Udako Ikastaroetako zuzendariak, hasiera ofiziala eman diote gaur goizean Ihobe sozietate publikoak eta Asociación de Periodistas de Información Ambiental-APIA elkarteak antolatzen duten Ingurumen Komunikazioaren Eskolari.

Eskolaren bigarren edizioa da, eta aurten “Biodibertsitatea eta Natura Ondarea komunikatzea” izenburua du. Eskolaren helburua da aztertzea nola lagun daitekeen komunikaziotik biodibertsitatea hobeto ezagutzen eta babesten, eta ekosistemek eta naturak eskaintzen dituzten zerbitzuak aintzat hartzen, ekonomiarako eta gizartearen ongizaterako funtsezkoak izanik.

Udako Ikastaroetako zuzendariak nabarmendu du Iraunkortasun Foroaren barruan sartzen dela Ingurumen Komunikazioaren Eskola, topaketa, zabalkunde eta prestakuntzarako plataforma irekia, jasangarritasunaren alorrean erronka zientifiko eta sozial handiak ezagutzera emateko asmoz.

HAZIko zuzendariak, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren egitura berriaren osaeraz hitz egin du, baita gobernu-talde berriak jasangarritasunarekin zerikusia duten gaiei ematen dien garrantziaz ere. Bere esanetan, nabarmentzekoa da “GJHak aginte-aretoan sartu direla, zuzenean lehendakariaren mende baitaude orain”. Era berean, Arresek adierazi du oso garrantzitsua dela naturarekin zerikusia duten gaiak emoziotik komunikatzea, Euskadik duen “biodibertsitate pribilegiatua” azpimarratuz, “Europa kontinentalaren eta Iberiar Penintsularen arteko kokapen geografikoaren ondorioz. Beharbada ez daukagu espezie ikonikorik –katamotzik edo hartzik, esate baterako–, baina bai, ordea, merezi duen balioa eman beharreko biodibertsitate aberatsa”.

Ingurumen Komunikazioaren Eskolak bi saio izango ditu gaur eta bihar. Ehun bat parte-hartzailek Donostiako Miramar Jauregitik bertatik jarraituko dute, eta hogeita hamar bat baino gehiagok online, Zoom bidez, COVID-19aren edukiera-mugak direla-eta.

Lehen mailako hizlariak

Irekiera instituzionalaren ondoren, María García, APIAko presidenteak, ingurumen-komunikazioa zer den eta zertarako balio duen aipatu du. “2020, biodibertsitatearentzat funtsezkoa den urte bat” da Lourdes Lázaroren hitzaldiaren izenburua; Lourdes Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunaren Mediterraneoko Lankidetza Zentroko Garapen Korporatibo Sailaren arduraduna da. Zientzia- eta ingurumen-dibulgatzailea den Odile Rodríguez de la Fuenteren hitzaldiak, berriz, “Gizon bat lurrean. Naturari buruzko dibulgazioa” izena du, eta aitari buruz argitaratu berri duen liburuan oinarrituta dago: Félix Rodríguez de la Fuente. Izan ere, haren heriotzaren 40. urteurrenarekin bat etorriz argitaratu da liburua.

Cristina Monge, Ecodes Fundazioaren aholkulari eragileak eta Zaragozako Unibertsitateko Soziologia irakasleak, “Natura-ondarea eta biodibertsitate tokiko mailatik komunikatzea” mahai-ingurua dinamizatuko du. Mahai-inguruak lekua emango die Euskaditik garatzen diren hainbat proiekturi, eta parte-hartzaile hauek bilduko ditu: Alex Gutiérrez, Avis Producciones-ekoa; Ainhize Butrón, Ihobekoa; Guillermo Roa, Euskadi Irratiko “Norteko Ferrokarrila”ko zuzendaria; eta José Mari Reviriego, El Correoko sekzio lokaleko burua. Lehen jardunaldia tailer praktiko batekin amaituko da: «Transmedia narratibak eta bideo-jokoak biodibertsitatea komunikatzeko», María Josep Picóren eskutik, ingurumen- eta zientzia-kazetaria eta Jaume I Unibertsitateko irakasle elkartua eta ikertzailea.

Bigarren jardunaldian, Juan Luis Cano kazetari, umorista eta Gomaespuma Fundazioaren idazleak “Umorea biodibertsitate eta ingurumena komunikatzeko” izango du hizpide. “Krisiaren komunikazioa ingurumenaren alorrean” da Javier Valenzuelaren –Gaztela eta Leongo Natura Ondare Fundazioaren Komunikazio zuzendariaren eta APIAko presidenteordearen– parte-hartzearen izenburua.

“Formatu berriak biodibertsitatea komunikatzeko” mahai-inguruko parte-hartzaileak hauek izango dira: María José Montesinos, Aragoiko RNEren “Tiempo de Actuar” Ingurumen-programaren zuzendaria; Óscar Menéndez, zientzia-komunikatzailea; María José Parejo, Radio 3ko “El Bosque Habitado” programaren zuzendaria; eta Daniel Rodrigo, ingurumen-hezitzailea. Rocío Benaventek, Maldita Cienciaren koordinatzaileak, “Biodibertsitatea eta natura-ondarea komunikatzea desinformazioaren aroan” izeneko tailer praktikoa zuzenduko du, Ingurumen Komunikazioaren Eskolaren bigarren edizioari amaiera emango diona.