Athletic Clubek Euskal Herria Kopa txapelketako finalerdia jokatuko du asteazken honetan, irailaren 23an, SD Eibarren aurka. Partida Lezamako instalazioetan izango da, ateak itxita, 18:30etik aurrera. Bi taldeak igandean, Urritxen (Zornotza) jokatuko den finalerako txartela lortzen saiatuko dira. Hori lortu ezean, hirugarren edo laugarren posturako partida jokatuko lukete Villacamparen neskek, pandemiak atzeratu eta formatua aldatu duen udako txapelketa honetan.
Beste alde batetik, Realak Osasunaren aurka jokatuko du Zubietan, asteazkenean eta ateak itxita. Txuri-urdinen kasuan finalerako txartela bilatuko dute joan den udan Garmendipen (Azpeitia) lehoiei 3-0 irabazita lortu zuten titulua berresteko.
Horrela hasiko da zuri-gorrien denboraldi-aurreko azken astea, urriaren 3ko edo 4ko asteburuan lehiaketa ofiziala hasi baino lehen. Denboraldi-aurrea oso luzea izan da eta lehoiak berriz ere Primera Iberdrolan jokatzeko gogoz daude.