Irailaren 29an zabalduko dituzte berriro ateak Barakaldoko Adinekoen Zentroek

0

Irailaren azkeneko astean ekingo diote Barakaldoko adineko zentroek jarduerari. Atzo erabaki zuten Barakaldoko auzoetan banatuta dauden bederatzi adineko zentrotako zuzendaritza batzordeek, Udaleko Adinekoen Zerbitzuarekin batzartuta egon ostean, ateak irailaren 29an, astelehena, zabaltzea.

Adinekoen zentroen sareko arduradunek eurek erabaki zuten ekipamenduak uda igaro arte itxita edukitzea; joan den ekainaren 22an hartu zuten erabakia. Ordutik,  Udala zentroak prestatzen aritu da, arriskuen prebentziorako zerbitzuarekin espazioak berrikusiz. Zerbitzu horrek espazioaren banaketa eta mahaien distantzia aztertu ditu, bai eta jarraitu beharreko osasun-neurriak ezarri ere: «Bisitetan, elkarteko ordezkari bat, kafetegiko zerbitzuko beste bat eta ile-apainketako beste bat egon ziren beharrezko segurtasun-neurriak aztertu eta ezartzeko», azaldu du Mikel Antizar Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Horrez gainera,  desinfekzio bat egin da zentro bakoitzean, eta gel-banagailu hidroalkoholikoak jarriko dira sarreretan eta irteeretan. «Sartzeko eta irteteko arauak eta ibilbideak jasotzen dituzten kartelak jarriko ditugu, baita sintomaren bat izanez gero, zentroetara joaten direnek nola jokatu behar duten azalduko ere», azpimarratu du zinegotziak.