Ondarroan okindegi batean lapurreta egiteagatik atxilotu dute

0

Ertzainek 23 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo goizean Ondarroan, okindegi batean lapurreta egiten saiatzeagatik. Emakumea atearen goiko aldeko leihotxo batetik sartu zen.

Atzo goizeko lehenengo orduan, Ertzaintzari jakinarazi zioten dirudienez delituren bat egiten ari zirela Ondarroako okindegi batean. Adierazitako lekura iritsi zirenean, agenteak emakume bat atxikita zuten bi langilerekin elkartu ziren, eta hauek jakitera eman zieten emakumea establezimenduko kutxa gotorra atearen goiko leihotik kanpoan zain zituen bi gizonezkori igaro nahian aurkitu zutela. Hauek, emakumea harrapatuta zegoela ikustean, ateko kristala kolpatu zuten hausteko eta emakumeari irteten laguntzeko asmoz, baina amore eman behar izan zuten eta ihes egin zuten.

Agenteek okindegia hankaz gora zegoela eta txanponak lurrean zabalduta zeudela egiaztatu zuten. Horren aurrean, atxilotu egin zuten aurrekari judizial ugari dituen 23 urteko gaztea, eta gaur goizean bertan eraman dute epailearen aurrera. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du lapurreta-ahaleginean parte hartu zuten beste bi pertsonak atxilotu ahal izateko.