Gobernu Kontseiluak onartu egin du Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuaren Agindua; haren bidez, datorren abenduaren 31ra arte luzatzen da epea Covid-19aren krisiaren ondorioz ahulezia ekonomikoan dauden eta Euskadiko alokairu libreko etxeen parkean errentariak direnen pertsonentzat ezarritako laguntza zuzenak eskatzeko.
Hasieran, 2020ko apirilaren 31ko aginduan, laguntza horiek arautu eta deitu zituen aginduan, eskabideak aurkezteko azken eguna irailaren 30a dela ezarri zen. Hala ere, pandemiak iraun eta, beraz, osasun-krisiaren ondoriozko ondorio ekonomiko eta sozialek jarraitzen dutela kontuan hartuta, ezinbestekotzat jotzen da eskabideak aurkezteko epea aurtengo abenduaren 31ra arte luzatzea.
Epea luzatzeak ez du egokitzapenik ekarriko aurreikusitako aurrekontu-zuzkiduraren estimazioan –15,5 milioi euro–, egokitzat eta nahikotzat jotzen baita eskariari erantzuteko.
Laguntza ekonomiko horren onuradun izan daitezke osasun-larrialdiak eragindako krisiaren ondorioz langabezian geratzen diren edo ABEEE egoeran egon diren pertsona guztiak, bai eta langile autonomoak edo enpresariak izan eta haien diru-sarreretan edo salmentetan % 40ko edo gehiagoko beherakada jasan duten pertsonak.
Laguntzaren zenbatekoa, Euskadin indarrean dauden etxebizitzaren prestazio osagarriaren eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoaren ildo beretik, hilean 250 eurokoa da, eta onuradun berriei aplikatuko zaie, aurreko hartzaileei bezala, sei hilez, baldin eta kalteberatasun-egoerak jarraitzen badu. Zenbatekoa, guztira, 1.500 eurokoa izan ahalko da, eta kopurua hiru hilean behingo bi ordainketatan ordainduko da.
Izapidetzea, ahal dela, telematikoki egingo da, www.euskadi.eus web-orriaren eta Alokabide SA sozietate publikoak www.alokabide.euskadi.eus web-orrian dituen kanalen bidez.
Eskabidea kanal telematikoen bidez eskura daiteke, eta, harekin batera, diru-sarrerak egiaztatzeko dokumentazioa eta eskakizunak betetzen direlako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
Deialdia ez da lehiakorra, eta laguntza finalista da. Ohiko etxebizitzaren alokairua ordaintzeko eta horretarako banku-erakundeek ICO bermearekin emandako mikrokredituak itzultzeko (martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 9. artikuluan jaso dira) erabili behar dira.
Programa horren laguntzak genero-indarkeriaren biktima diren pertsonei, ohiko etxebizitzatik kaleratzen dituztenei, etxerik ez dutenei edo bereziki kalteberak direnei ere zuzentzen zaizkie. Eta, haien kontura, pertsona horiei ostatu-irtenbidea emateko ardura duten administrazio, enpresa publiko eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei. Pertsona bereziki kalteberak dira udal-mailako oinarrizko gizarte-zerbitzuen balorazio hori dutenak.
Kasu horietan, laguntza, guztira, hamabi hilerokoa izango da, eta, hala, 3.000 eurokoa izango da.
Agindu horrek aurreikusten dituen laguntza guztiak ez dira bateragarriak izango helburu horretara bideratutako gainerako laguntza publikoekin.