Eusko Jaurlaritzak guraso-elkarte eta irakaskuntza-kooperatibentzako laguntzak deitu ditu

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak eskola-eremuan osasuna sustatzeko laguntzak arautzen eta deitzen dituen agindua onetsi du. Laguntzen deialdia Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteei eta irakaskuntza-kooperatibei zuzentzen zaie. Erakunde horien eginkizuna da, besteak beste, ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak abian jartzea.

Laguntzak guztira 94.000 eurokoak dira, eta honako proiektu hauek garatzeko sortu dira:

  1. Eskola-bideak sortzeko eta dinamizatzeko. Eskola-bideak ibilbide zehatzak dira, aurretiaz ezarriak eta markatuak; bide horiek eskola-umeek ikastetxera joateko eta handik bueltatzeko balia ditzakete, aktiboki, segurtasunez eta autonomiaz, eta, hala, espazio publikoaren erabilera berreskuratu.
  2. Eskola-patioak ikaskuntzarako, jolaserako eta mugimendurako espazio eraldatzeko eta dinamizatzeko, eta, aldi berean, kalitateko harremanak eraikitzeko, bai irakastorduetan, bai irakastorduetatik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta.

Proiektuen helburuak izan beharko du ikasle guztiek jolaserako, jarduera fisikorako eta bizikidetzarako dituzten aukerak areagotzea, bereziki jarduerarik ezeko ratio handienak dituzten kolektiboenak, besteak beste neskatoenak eta ikasle nagusienenak. Era berean, familian jarduera fisikoa egiteko ohitura sustatzen duten jarduerak bultzatuko dituzte.

Ekimenak “Osasuna politika guztietan” Europar Batasunaren estrategiaren gomendioei jarraitzen die; osasuna osasun-sektorea gainditzen duen kontzeptua delako egiaztapenean oinarritzen da estrategia. Proposamena Euskadi Mugiment herritar guztien artean jarduera fisikoa sustatzeko proiektuan sartzen da, baina Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategian ere.