Osasun Sailak protokoloa prestatu du, adinekoak egoitzetan covid-aren aurrean babesteko irizpideak batzen dituena

0

Osasun Sailak zentro soziosanitarioetan COVID-19aren Zaintzarako eta Kontrolerako Protokoloa prestatu du; hartan, Euskadiko adinekoen osasuna –COVIDaren aurrean kalteberena den kolektiboetako bat– babesteko urrats eta gomendio batzuk ezartzen dira. Eusko Jaurlaritzak egindako protokoloa “zorrotza da, aldundiekiko eta gizakiekiko lankidetza-esparruan prestatua”, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez.

Protokoloaren bitartez, egoitza-eremuan pertsonen isolamenduarekin zerikusia duten erabakiak hartzeko urratsen dokumentuan ekainaren 24an ezarritakoa eguneratzen eta zabaltzen da, eta zentro soziosanitarioetarako, bereziki adinekoen egoitzetarako, uztailaren 21ean SARS-CoV koronabirusaren zaintza-protokoloan ezarritako urratsak egokitzen dira.

Dokumentu horrek Euskadiko hiru lurralde historikoen zentro soziosanitarioetan COVID-aren zaintzarako eta kontrolerako urratsak homogeneizatzen ditu, eta infekzioaren inguruan dagoen ebidentzia zientifiko guztia bateratzen du, baina alderdi etikoak alde batera utzi gabe.

Zehazki, protokoloak honako kontu hauek jaso ditu, besteak beste:

  • Egoitza-zentroetako kontingentzia-planak.
  • COVID kasuen eta kontaktu estuen maneiua.
  • Berrogeialdien isolamenduak eta iraupena, pazienteen tipologiaren arabera.
  • Bisitak jasotzeko eta kalera irteteko urratsak.

KANPORA IRTETEA ETA BISITAK JASOTZEA

Protokoloan jaso diren gomendioak prestatzeko kontuan hartu dira adinekoen egoitzek, batetik, segurtasun-baldintza zorrotzak behar dituztela, eta, bestetik, egoitzetako erabiltzaileen duintasuna, zaintza fisikoa eta emozionala bermatuko dituzten baldintzak bete behar dituztela.

Hori guztia dela eta, bisitak jaso eta kalera irten daiteke, betiere egoitzetako erabiltzaileen hurbil-hurbileko pertsonek lagunduta egiten badira. Nolanahi ere, foru-aldundiak izango dira egutegia eta arauketa ezartzeko ardura izango duten erakundeak, eta ahalegina egingo dute bisitak eta kanpora egiten diren irteerak espazio irekietan egiteko eta higiene-neurriak zorrotz betetzeko. Dokumentuak, era berean, salbuespenezko egoeretan bisitak egiteko gomendioak jaso ditu, besteak beste bizitzaren amaierako zaintzetarako gomendioak.

Gotzone Sagardui sailburuak azaldu du Osasun Sailak, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta hiru aldundiek dokumentu hori prestatzen parte hartu dutela eta bat datozela honetan: osasuna da lehentasuna, “baina ezin da osasuna ulertu pertsonen duintasunarekiko errespeturik gabe, haien bizitza-etapa guztietan”.