Hiribusa neguko ordutegira itzuli da. Horrela, iazko neguko ordutegiei eutsiko zaie, baina aldaketa nagusia 3. linean izango da, Talaimendira zerbitzua ematetik Abendañoko industrialdea eta ikastetxeentzako zerbitzua indartzera pasatuko baita.
Iker Basurkok (EAJ-PNV) Mugikortasun zinegotziaren esanetan, «Ikastetxeentzako zerbitzua indartzea erabaki dugu, COVID-19ri aurre egiteko neurri gisa. Hainbat zentrotako ordutegi-aldaketak direla eta, zerbitzu hori indartu beharra zegoen. Halaber, gazte guztiei bizikleta erabiltzeko edo ikastetxeetara ikaskideekin oinez joateko deia egin nahi genieke «.
Mugikortasun sailetik datorren urteari begira ibilbideak eta maiztasunak egokitzea lantzen ari dira, auzoetako beharrak kontuan hartuta, eta Aldapetako igogailua zerbitzuan noiz sartuko den ere kontuan izanik.
Geltokiak eta ordutegiak www.zarauzkohiribusa.org webgunean egongo dira ikusgai.