Zarauzko hondartza denboraldiari amaiera eman zaio

0

Zarauzko hondartza denboraldia irailaren 15ean amaitu da. COVID-19a dela eta aurtengo uda oso berezia izan da: zerbitzu batzuk kendu behar izan dira eta edukiera mugatu ere, herritarren segurtasuna bermatzeko.

Xabier Txurruka, Zarauzko alkatearen esanetan: “denboraldi zeharo desberdina izan da, baina aurtengo udan egun asko izan dira hondartzaz gozatzeko aukera izan dugunak. Behin denboraldia bukatu dela, eskerrak eman nahi dizkiet, bizi dugun egoera berezi honetan hondartzan guztion zaintza lanetan jardun diren zerbitzu eta langile guztiei: sorosleei, hondartzainei, sarrerazainei, garbitzaileei, udal brigadako kideei, udaltzainei…azken hiru hilabeteko erronka zailari hain txukun erantzuteagatik. Herritarrei gogoratu, norbere erantzukizunpean geratzen dela aurrerantzeko hondartzaren erabilera. Udaltzaingoa arduratuko da denboraldiz kanpoko hondartzaren zaintzaz eta COVID19agatik hartu beharreko distantzia eta higiene neurriak indarrean jarraitzen dutela gogorarazi nahi dugu”.

Aurten ere, BPXport enpresak zaindu du sorospen-zerbitzua eta aipatzekoa da ez dela hildakorik izan aurten Zarauzko hondartzan.

Guztira, denboraldi osoan, 78 eskuhartze izan dira sorosleen aldetik, denera 133 pertsona izan dira erreskatatuak eta galdutako 8 ume zaindu dira.

431 eskuhartze izan dira botikin eta anbulantziaren aldetik.