20 irudigilek parte hartuko dute ‘Itxitik’ proiektuan

0
urku
PRUEBA

Kulturak bizi duen egoera zailean ilustrazioa eta sormen-lana sustatzeko asmoz, 20 euskal irudigilek parte hartuko dute Itxitik proiektuan. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Irudigileak elkartearekin batera, sustatu duen lan honek konfinamenduaren inguruko ilustrazioak bilduko ditu liburu grafiko eleaniztun batean (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa). Horren ostean, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak liburua erosi eta liburutegi publikoetan zabalduko du. Maite Gurrutxaga, Ane Pikaza, Mikel Casal eta Yolanda Mosquera dira proiektuan parte hartzen duten sortzaileetako batzuk.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren proiektu hau kokatzen da pasa den ekainean kultur jarduera sustatzeko asmoz iragarritako ekimen sortaren barruan. Kulturako profesionalentzako laguntzez eta kultura-sektoreko enpresa txiki eta ertainentzako deialdiaz gain, Sailak bost proiektu jarri zituen abian kultur enpresen jarduera eta sorkuntza sustatzeko asmoz. Guztira, 645.000 euro bideratu ziren bost esparru hauetako proiektuotara: argitalpen-ekoizpena; ilustrazioa; zinema-ekoizpena; arte plastikoetako sorkuntza; eta, azkenik, musika-ondarearen katalogazio-digitalizazioa. Itxitik proiektuaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak 105.000 euro bideratu ditu ekimen honetara.

Epaimahaia

Proiektu honetan parte hartuko duten ilustratzaileen hautaketa oinarritzen da mundu osoko azoka profesionaletarako aurreikusitako erakusketa ibiltarirako egindako aurreko hautaketa batean; izan ere, erakusketa hori bertan behera geratu da pandemiaren ondorioz. Aukeraketa horretarako epaimahaia honako hauek osatu zuten: Raquel Meyers, Irudika 2020-animazioa; Araiz Mesanza, Irudika 2020-ilustrazioa; Bilboko Arte Ederren Museoa (Javier Novo, Miguel Zugazaren ordezkari gisa); Artium Museoa (Enrique Martínez, Beatriz Herráezen ordezkari gisa); Vicente Ferrer eta Begoña Lobo, Media Vaca argitaletxekoa (boto bakarrarekin); Ainhoa Sánchez, AC/E elkartekoa; eta Sonia Pullido, Euskal Irudigileak elkartearen izenean.

Egile bakoitza hautatzeko erabili den tresna Euskal Irudigileak elkarteak egindako online katalogoa izan da. Bertan, elkarteko kide bakoitzak hiru eta bost irudi artean eman ahal izan zituen, euskal ilustrazioari eskainitako azoketan bere lana aurkezteko eta zabaltzeko egokitzat jo zituztenak. Hortik aurrera, egileek beraiek katalogoan proposatutako irudiak balorazio bakar gisa ezarri ziren, webguneak, ibilbideak edo curriculum vitaea alde batera utziz. Euskal Irudigileak elkartetik adierazi dutenez, asmoa izan da «epaimahaiaren inpartzialtasuna zaintzea eta aurkeztutako lan bakoitzerako aukerak demokratizatzea”. Azkenik, hautatutako artistak partekatu ziren aurrez aurreko bilera baten bidez.

Epaimahaia bat etorri da «hautagaitzen maila altua» azpimarratzean, eta adierazi dute horrek zaildu egin duela ilustratzaileen hautaketa. Epaimahaiaren arabera, «kasu gehienetan aho batez egin bada ere, epaimahaiko zenbait kidek esan dute aukeraketa handitu eta plaza gehiagotara zabaldu nahiko zuketela». Halaber, epaimahaiaren arabera, «izen garrantzitsu batzuk hautaketatik kanpo geratu dira”.

Bestalde, epaimahaiak nabarmendu du kasu batzuetan nahiago izan dutela «orain arte horrenbeste aukera eduki ez diztuzten eta multzo horren barruan oso duin agertzen diren ahots berriei aukera bat ematea». Hautaketa-irizpideen artean hauexek  lehenetsi  dituzte:  “lanen profesionaltasuna, egile bakoitzaren irudi desberdinen arteko koherentzia, orijinaltasuna, sormena eta aurkeztutako proposamenen harritzeko gaitasuna”. “Joerek eta modek markatutako” garai honetan, epaimahaiak uste du oso beharrezkoa dela “lan-ildo orijinalak erakusten dituzten ahots bereziak bultzatzea

Azkenik, epaimahaiaren iritziz oso garrantzitsua da “euskal ilustrazioa jorratzen ari den bideen ideia indartsu eta koherente bat transmititzea kolektiboki, norbanakotasun jakin batzuk bultzatu beharrean”.