Erdira jaitsi dira sexu-erasoak Euskadin, 2019ko udako datuekin alderatuta

0
PRUEBA

Ertzaintzak guztira 13.213 arau-hauste penal erregistratu ditu 2020ko uztailean eta abuztuan Euskadin, iazko garai berean baino 2.695 delitu gutxiago, eta horrek esan nahi du % 16,94 gutxitu direla, beraz. Beheraldiaren arrazoia COVID-19k eragin duen krisia da, kriminalitatea baldintzatu egin baitu. Datu estatistikoen analisitik ondorioztatzen da Euskadin % 50 gutxitu direla sexu-erasoak 2019ko udakoekin alderatuta, eta 48tik 24ra jaitsi dira, beraz. Jabetzaren aurkako delituak ere % 22,73 gutxitu dira.

Delitu estrategikoen arloan, sexu-erasoak, sexu-askatasunaren aurkako delituen barruan deliturik larrienak izango liratekeenak, % 50 gutxitu dira Euskadin (24 kasu gutxiago izan dira). Kasuak Bizkaian gutxitu dira gehien, 17 kasu gutxiago izan baitira (30etik 13ra jaitsi dira); ondoren Gipuzkoan, 10 kasu gutxiago izan baitira (15etik 5era jaitsi dira); eta, Araban, berriz, zifrek gora egin dute, 3 kasutik 6ra.

Era berean, sexu-askatasunaren aurkako delituen atalean jasotzen diren gainerako arau-hausteak ere gutxitu egin dira, eta 2019ko datuekin alderatuta % 22,58 egin dute behera, 21 delitu gutxiago izan baitira (93tik 72ra jaitsi dira).

Sexu-askatasunaren aurkako delituen urtetik urterako bilakaeran COVID-19k eragindako pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien, hau da, konfinamenduaren, ondorengo hiru faseetan ezarritako mugikortasun-murrizketen, ostalaritzako ordutegiak mugatu izanaren eta herrietako jaiak ospatu ez izanaren ondorioak ikus daitezke.

Muga horien ondorioz, apirilean gertatu ziren azken 14 hilabeteetako sexu-askatasunaren aurkako delitu gutxien, 19 kasu, hain zuzen ere. Gizarte-harremanetan eragin zuzena duten murrizketak aldatzen joan diren neurrian, era horretako delituek pixkanaka gora egin dute, eta uztailean, esate baterako, 55 kasu erregistratu ziren, aurreko urteko antzeko zifra izanik. Hala eta guztiz ere, abuztuan berriz ere % 25 egin dute behera era horretako delituek aurreko hilabetearekin alderatuta, eta % 52 2019ko abuztuarekin alderatuta.

Homizidioei dagokienez, beste delitu estrategiko larrienetako bat izanik, bi homizidio burutu dira, 2019ko zifra bera. Bi kasuak argitu dira.

Lehenengo homizidioa uztailaren 11n gertatu zen Bilbon, emakume batek labana batekin senarrari eraso egin zion eta hil egin zen. Bigarren homizidioa uztailaren 27an gertatu zen Gasteizen, kasu hartan 18 urteko gazte batek beste bat hil zuen arma zuri batekin.

Homizidio eta hilketa-ahaleginen kasuak 4 gehiago izan dira, eta 2tik 6ra igo dira, beraz.

Familia barruko tratu txarretan genero-indarkeria eta etxeko indarkeria sartzen dira, eta gizartean alarmarik handiena sortzen duen beste arau-hausteetako bat da. Delitu horri polizia-prozedura zehatzen bidez nahiz kontzientziazio- eta heziketa-kanpainen bidez aurre egin nahi diete hainbat kolektibo eta erakundek.

Familia barruko tratu txarretan, ohikoak direnetan eta ohikoak ez direnetan, kasuek % 6,81 egin dute gora EAEn, eta 764tik 816ra igo dira (52 gehiago).

Zifrek hiru lurralde historikoetan egin dute gora, eta Araba izan da igoerarik handiena izan duen lurraldea, % 12,04koa, alegia (108tik 121era igo dira kasuak), ondoren Gipuzkoa % 6,61ekin (242tik 258ra igo dira kasuak) eta, azkenik, Bizkaia % 5,56rekin (414tik 437ra).

Familia barruko tratu txarren kasuetan izan du eraginik gutxien osasun-krisiak, hain zuzen ere, familia barruko harremana areagotu izanaren ondorioz.

Ondarearen aurkako delituak

Ondarearen eta arlo sozioekonomikoaren aurkako delituak EAEn egindako arau-hauste penal guztien % 70,42 dira, eta adierazi behar da % 22,73 gutxitu direla 2019ko garai bereko datuekin alderatuta.

Indarkeria edo beldurra erabiliz egindako lapurretek % 16,54 egin dute behera aurreko ekitaldiarekin alderatuta (2019an 254 kasu erregistratu ziren eta 2020an 212). Lurralde historikoen arabera aztertuta, Bizkaian bakarrik egin dute behera, % 30,77 hain zuzen, eta 195etik 135era jaitsi dira. Gipuzkoan 36 kasutik 48ra igo dira eta Araban 23tik 29a.

Etxebizitzetako lapurretak ia % 23 gutxitu dira, eta aurreko urteko garai berean baino 194 kasu gutxiago izan dira, beraz. Lurraldez lurralde aztertuta, adierazi behar da Araban % 50,93 egin dutela behera (55 kasu gutxiago) eta Bizkaian % 33,70 (182 kasu gutxiago). Gipuzkoan, aldiz, delitu horiek % 19,91 egin zuten gora, eta 2019an baino 43 kasu gehiago erregistratu dira.

Enpresetan indarrez egindako lapurretak % 44,05 gutxitu dira EAEn, aurreko urteko ekitaldiko garai berean baino 37 delitu gutxiago egin dira, beraz.

Beheraldi hori lurralde guztietan gertatu da: Gipuzkoan % 46,67koa izan da (21 kasu gutxiago), Bizkaian % 41,38koa (12 kasu gutxiago) eta Araban % 40koa (4 kasu gutxiago).

Ebasketei, iruzurrei eta kalteei dagokienez, ondarearen aurkako delituen % 76,82 izan dira eta delitu guztien % 54,09. Ebasketak dira gehien egiten diren delituak, eta konfinamenduan gehien gutxitu zirenak aisiarekin eta jende-pilaketekin zerikusi zuzena dutenez. Iruzurrak dira 2019ko antzeko balioetara iritsi diren ondarearen aurkako delitu bakarrak. Kontuan izan behar da pandemia hasi arte argi eta garbi goranzko joera zutela, eta martxoan eta apirilean nabarmen gutxitu ziren arren, iruzurren % 85 inguru informatikoak izateak oso azkar leheneratzea ekarri du.

Gero eta gehiago zabaltzen ari den modalitatea phishing izenekoa da (2020an 101 salaketa jarri dira, eta 2019an 44 jarri ziren).

Aztertu den aldi honetan iruzurrek % 6,87 egin dute gora, eta 2.563 kasutatik 2.739ra igo dira (176 gehiago). Lurraldez lurralde aztertuta, adierazi behar da Gipuzkoan egin dutela gora gehien, % 16,33, alegia (+114), Araban % 6,40 egin dute gora (+26) eta Bizkaian % 2,47 (+36).

Ebasketak eta kalte-delituak, aldiz, % 41,22 eta % 8,17 gutxitu dira, hurrenez hurren, EAEn.

Kontsiderazio orokorrak

Amaitzeko, ondorio gisa adieraz daiteke COVID-19k eragin duen krisiak baldintzatu egin duela kriminalitatea Euskadin. Alarma-egoeraren hasieratik nabarmen egin zuten behera delituei buruzko zifrek, batez ere martxoan, apirilean eta maiatzean, hain zuzen ere konfinamendu-garaian. Alarma-egoeraren faseak gainditu ahala, delituen kopuruak gora egin du pixkana, hain zuzen ere, herritarrek eta, ondorioz, delitugileek mugitzeko askatasuna berreskuratu izanaren ondorioz. Hala eta guztiz ere, eta orokorrean, behera egin du kriminalitate-tasak aurreko urteko garai berekoarekin alderatuta, goian aipatutako zifrek erakusten duten bezala, eta horrek erruztapenak ere baldintzatu ditu, % 15,95 gutxitu baitira aurreko urteko garai bereko datuekin alderatuta. Aztertutako datuak uztailekoak eta abuztukoak direla kontuan hartuta, litekeena da hilabete horietan gertatutako egintzak etorkizun hurbilean argitzea, eta horrekin onera egingo lukete erruztapenei buruzko datuek.