Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu da gaur. Aurreko edizioan moduan, ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartuko dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialeko parte hartzaileek. Koordinazio lanetan ari diren eragileek aurkeztu dute gaur Gasteizen Euskaraldiaren bigarren edizio hau eta parte hartzeko dei zabala egin diote gizarteari. Bertan izan da Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, Jaurlaritza baita Euskaraldiaren sustatzailea, beste erakunde eta eragileekin batera.
Gasteizen egindako agerraldian Euskaraldiaren koordinazioan ari diren eragileekin batera agertu dira zenbait erakundetako ordezkariak. Ekitaldian parte hartu dute, sailburuarekin batera, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariak, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta EUDELeko presidenteak, Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak, Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Zuriñe Gil Gasteizko GEU elkarteko kideak eta Maialen Sobrino Zaramaga auzo elkarteko kideak. Agerraldian egon ezin izan ez diren arren, Euskaraldiaren koordinazio eta antolaketan parte hartzen dute Euskararen Erakunde Publikoak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Euskal Konfederazioak.
Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala dela gogora ekarri dute antolatzaileek, euskararen erabilera bultzatzeko ariketa. Euskaraldiko partaideak beraien hizkuntza ohiturak aztertu eta aukeratzen duten rolaren arabera arituko dira 15 egunetan. Aurreko edizioan bezala, bi rol izango dituzte aukeran izena ematen dutenek:
Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.
Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko.
Lehen edizioko parte hartzaileen profila oso anitza izan zen. 16 urtez gorako adin guztietako emakume eta gizonek parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest modura. Aurten ere aniztasun horri eustea izango da helburua, iaz gutxiago parte hartu zuten adin tarte eta profiletan sakonduz: 16-30 urte arteko gazteak, gizonezkoak eta belarriprest jokabidea hartuko dutenak.
Parte hartzeko dei zabala egin dute Gasteizen egindako agerraldian egondako eragile eta ordezkari guztiek. Euskaraldiaren lehen edizioan ahobizi eta belarriprest rolak hartu zituzten herritarrak berriz ere izena ematera animatu dituzte bertaratuek, eta arrazoi ezberdinengatik 2018an parte hartu ez zutenek ere ateak zabalik dituztela adierazi dute. Orain arten ariguneetan parte hartzeko asmoa adierazi duten herritar guztiek ere izena eman beharko dute.
Izena emateko hiru bide egongo direla azaldu dute: euskaraldia.eus webgunea, batetik, herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez, bestetik, eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo den telefono aplikazioa azkenik.