Izoztuta jarraituko dute datorren urtean Barakaldoko tasak, prezio publikoak eta zergak. Gaur goizean iragarri du erabakia Amaia del Campo alkateak, bide batez azalduz, hartutako neurriak ahalegin handia ekarriko diola udaleko kutxari, baina erabakiaren helburu nagusia datorren urtean herritarrei zama fiskala arintzea da. «Aurtengoa urte zaila izan bada ere, jakitun gara hurrengo 2021a are zailagoa izango dena», adierazi du alkateak.
Egungo ordenantza fiskalak bere horretan indarrean jarraitzea erabaki du Amaia del Camporen taldeak, eta horrek esan nahi du ez bakarrik tasak, zergak eta prezio publikoak izoztu egingo direla, baizik eta iaz ezarritako hobari fiskalak bere horretan jarraituko dutela ere, hiriaren ekonomia jarduera susta dadin, eta progresibotasun fiskalaren bitartez, gutxien daukaten familiek gutxiago ordain dezaten.
Alarma egoeraren ondorioz ekonomia moteltzeak hirian eragindako egoera eta pandemiak familia barakaldarrengan ernatutako ziurgabetasunaren ondorioz bizi dutena aztertu ondoren egin da izoztearen aldeko apustua. «Udalari Udalakutxak 8,6 milioi euro gutxiago emango dizkio, eta hori da, hain zuzen ere, toki erakundeen finantzazio iturri nagusietako bat; horrenbestez, gogorra da tasak izozteko hartu den erabakia, gastuari gogor eutsi behar izango diogulako», nabarmendu du alkateak.
«Hala ere, ondo dakigu jakin, ez barakaldarrek, ez merkatariek ez eta enpresa txiki eta ertainek ere ezin dutela zama fiskal handiagoa jasan, eta horrenbestez, aurten, beharrezkotzat jo dugu zergak izoztea, eta hurrengo 2022ra begiratzea, erabakiak sekulako ahalegina ekarriko baitio Udalari zerbitzuak gaurko kalitate berarekin eskaintzerakoan herritarrei», argitu du alkateak.