EKITEN DIGITALA: ekintzaile eta enpresari txikientzako digitalizazio programa

0

Eskualdeko pertsona ekintzaile eta enpresari txikientzako digitalizazio programa da EKITEN DIGITALA.

Covid-19aren testuinguruan, azkartu egin da negozioen digitalizazio prozesua. Ezinbestekoak bihurtu dira sare sozialetako presentzia, Interneteko bilaketetan ondo posizionatuta egotea, irudi/marka digital erakargarri bat transmititzea bezeroari… Estrategikoa da, beraz, teknologia berriek negozioei eskaintzen dizkioten aukerak ezagutu eta horiek aprobetxatzen jakitea.

Egitasmoaren bitartez, eskualdeko ekintzaile eta enpresari txikiei digitalizazioaren alorrean urrats bat aurrera egin dezaten lagundu nahi zaie. Bi lan-lerro nagusi izango ditu programak; alde batetik, negozioen gaineko digitalizazio-diagnostikoa egingo da; ondoren, neurrira diseinatutako estrategia digitala definitzeko. Bestetik, prestakuntza tailerrak eskainiko dira; urritik abendura bitartean. Bi orduko saioak izango dira eta online eskainiko dira; guztira, 6 tailer.

Diagnosia eta neurrira egindako estrategia digitala

Programa negozio bakoitzaren presentzia digitala aztertzearekin hasiko da. Negozio bakoitzaren digitalizazio-diagnostikoa egin ondoren, parte hartzaile bakoitzaren negozio-beharretara egokitutako estrategia digitala eta ekintza-plana diseinatuko da. Diagnositik abiatu eta estrategia proposatzerainoko ibilbidea aditu baten aholkularitza-laguntzarekin osatuko da.

Beraz, programan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da jarduera ekonomikoak gutxieneko presentzia digital bat izatea (sare sozialak edo web orrialdea). Aurrez izena eman beharko da galdetegia beteta. Plaza kopurua mugatua da.