Estibaliz Alkortak «Nerabeak Euskaraldian. Izan puntu, izan eragile» ikerketa eta liburuaren aurkezpenean parte hartu du

0

“Nerabeak Euskaraldian” ikerketa batzen duen liburua aurkeztu da gaur Donostian. Bertan izan da Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendaria Eusko Jaurlaritza bait da ekimenaren sustatzaile nagusietako bat. Berarekin batera izan dira aurkezpenean Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldudiko Hizkuntza berdintasuneko zuzendaria, Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeburua, Lurdex Etxeberria Oriarte institutuko irakasleak, Jokin Guridi Ttakun kultur elkarteko kudeatzaileak eta Iñaki Eizmendi Ebete zerbitzuetako arduradunak.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia egin zen Euskal Herri osoan, eta horren barruan 11 egun euskaraz ekimena garatu zen. Ahobiziak eta belarriprestak izan ziren protagonista. Lasarte-Orian, berriz, 2016an, “40 egun euskaraz” ekimena bideratu zen eta hor erabili ziren lehenengo aldiz ahobizi eta belarriprest figurak. Hori izan zen 2018an Euskal Herri osoan Euskaraldiaren ekimena abian jartzeko oinarri nagusietako bat. 2018ko Euskaraldian, Lasarte-Orian ekimen hori errepikatu bazen ere, hainbat berrikuntza ere egin nahi izan ziren. Horien artean, nerabeei begirako ekimena gauzatu zen, ikerketa-ekintza moduan.

Proiektuaren abiapuntuan galdera nagusi bat egon da: eraginkorra al da ahobizi/belarriprest diseinua nerabeen hizkuntza-ohituretan aldaketak eragiteko?

Izan ere,  Euskaraldiaren diseinua zela eta, nerabeen kopuru handi batek ezin zuen parte hartu (16 urtez azpiko guztiek), baina aldi berean, gaztetxo guztiek betetzen dute Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintza, alegia, euskaraz ulertzea. Eta aldi berean, Euskal Herriko bazter guztietan bezala, Lasarte-Orian ere arduratuta daude gaztetxoen arteko euskararen erabilerarekin.