HABEk HOBE sistema estreinatu du Barakaldoko BECen, euskara mailak egiaztatzeko azterketak informatikoki egiteko aukera herritarrei eskainiz

0

HABEk antolatutako euskara mailak egiaztatzeko azterketen bigarren deialdiak nobedade aipagarria dakar: lehen aldiz, hainbat ikaslek azterketak modu elektronikoan egin ahal izango dituzte. Gaur hasi eta asteazkenera arte 8.200 pertsonek egingo dituzte probak honako mailetarako: B1 (deialdi irekia), B2 (deialdi irekia eta euskaltegietako ikasleentzat), C1 (deialdi irekia eta euskaltegietako ikasleentzat) eta C2 (deialdi irekia eta euskaltegietako ikasleentzat). Barakaldoko BEC erakustazokan, Buesa Arenan (Gasteiz) eta Kursaalean (Donostia) egiten ari dira probak.

Azterketak modu elektronikoan egiteko aukera C1 eta C2 mailetako deialdi irekietako azterketariei eskaini zaie, oraingoan BECen egiten ari diren probetan baino ez. Garapenaren lehen fase honetan, 320 lagunek egin dute sistema honen aldeko apustua (HOBE sistemak 1.200 lagun ere onar zitzakeen lehen fase honetan). Helduen euskalduntzeaz eta euskaltegien sarea koordinatzeaz arduratzen den HABE erakundeak sistema hori era gradualean hedatu nahi du, onuragarria izango delakoan ikasleen ikuspuntutik zein antolakuntza aldetik.

Jokin Azkue HABEko zuzendariak azaldu ditu sistema horren abantailak: «Euskara mailak egiaztatzeko prozesuaren digitalizazioan aurrera egiteko aukera ematen digu, eta ikuspuntu guztietatik onuragarria delakoan gaude. Alde batetik, herritar gazteenak hobeto moldatzen dira ordenagailuaren bidez: azkarrago idazten dute, ezabatzeko aukera ematen die… Bestetik, sistema honen bidez arinago egiten da zuzenketa-prozesua; adibidez, ez da beharrezkoa erredakzio guztiak eskaneatzea. Hala, sistema hau arrakastaz zabaltzen bada, deialdi gehiago azterketari gutxiagorekin egin ahal izango dira urte osoan zehar, eta hori onuragarria izango da ikasleentzat”, adierazi du.

HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza) sistema aplikazio bat da, iaz modu pilotuan abian jarri zena. 2020ko bigarren deialdi honetan hasi da ezartzen era ofizialean, baina C1 eta C2 mailetara mugatuta. Funtsean, euskarazko hizkuntza gaitasuna ziurtatzeko tresna digitala da, eta honen bidez ikasleen eskura jartzen dira probak egiteko beharrezkoak diren baliabide informatiko guztiak, bai eta baliabide pertsonalak ere, probak behar bezala egiten direla ziurtatzeko. Aplikazio honek ahozko eta idatzizko ulermen-ariketak eta idatzizko proba egiteko aukera ematen du, baina ahozko azterketa modu tradizionalean egingo da, hau da, aurrez aurre eta bi aztertzailerekin.

Urteko bigarren deialdi hau honela antolatu da:

  • Euskaltegietako ikasleentzako deialdia: B2 maila (irailak 30), C1 maila (irailak 30) eta C2 maila (irailak 29).
  • Deialdi irekia: B1 maila (irailak 29), B2 maila (irailak 29), C1 maila (irailak 28, papera eta sistema HOBE) eta C2 maila (irailak 29, papera eta HOBE).

Aurtengo hizkuntza-gaitasun mailak egiaztatzeko lehen deialdia joan den ekainean egin zen, eta 12.000 lagunek parte hartu zuten. Orduko hartan, proba guztiak Barakaldoko BECen egin zituzten, joan den udaberriko konfinamenduaren ondoren bizi zen osasun-egoera zela eta. Oraingoan, Kursaalera eta Buesa Arenara ere eraman dituzte probak, segurtasun- eta urruntze-neurri guztiak aintzat hartuz.