Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak finantza-erakundeen nortasuna eta irudia ordezten duten mezu elektroniko batzuk antzeman ditu, bezeroen sarbide-datuak eta pasahitzak eskuratzeko.
Dinamika horretan mezu elektroniko bat jasotzen duzu, ofizialki banku-erakunde baten itxura guztiarekin. Bertan, txartelarekin arazoak daudela adierazten da eta berriro aktibatzeko helbide elektroniko bat eskaintzen da. Hori da pertsonen datuak eta pasahitzak lortzeko modua, ondoren iruzur egiteko eta lapurtzeko.
Kontsumobidek gogorarazten du gure datu pertsonalak edo bankuko pasahitzak ezin direla, inola ere, posta elektroniko edo telefono bidez jakinarazi; erakundeek ez dute inoiz horrela eskatzen. Berdin dio zein den emandako arrazoia: segurtasuna, sustapena, estatistikak, sistemen balidazioa, edo, kasu honetan bezalaxe, banku-txartelaren berraktibazioa, ez dira inoiz pasahitza horiek eman behar.
Gainera, ez da ahaztu behar kasu gehienetan autentifikazio bikoitza egitera behartzen duela legeria berriak; beraz, sistema horrek kontsumitzaileari iruzur egin nahi dion banku-identitatearen faltsutzea identifikatzeko aukera eman dezake.
Nolanahi ere, mezu elektroniko bat edo komunikazio motaren bat jasotzean zalantzaren bat baduzu, Kontsumobidek gomendatzen dizu banketxearekin harremanetan jartzea ohiko bideak erabiliz, komunikazio susmagarri horrek eskaintzen dizkigun aukera horiek saihestuz, komunikazioa benetakoa dela egiaztatzeko eta, hala dagokionean, iruzurra salatzeko.