Zabalik da berriro NANa eta pasaportea egiteko Barakaldoko bulegoa

0

Nortasun Agiri Nazionala (NAN) eta  pasaportea egiteko Barakaldoko bulegoa atzotik dago martxan, Angel Madrazo Herri Segurtasun eta Babes Zibileko zinegotziak jakitera eman duenez. Lokala Udaltzaingoaren komisariaren beheko aldean dago, Lasesarre kaleko 16. zenbakian.

Bulegoa hiru hilabetez itxita egon da, batez ere barruan egin beharreko zenbait hobekuntzaren karietara.

Angel Madrazok positiboki baloratu du Barakaldoko NANaren eta pasaportearen bulegoa berriro ireki izana, tramiteak beste udalerri batzuetara joan beharrik gabe egitea erraztuko baitie auzotarrei. «Azken asteetan herritarren kontsultak jaso ditugu, jendeari arreta ematen hasteko datari buruz galdezka. 100.000 biztanletik gorako hiria gara, eta auzotarren eskaria handia da», adierazi du zinegotziak.

Alde horretatik, bulegoko arduradunekin harremanetan jarri zen Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloa, ahalik eta lasterren berriz irekitzeko eskatzeko.

Madrazok gogorarazi duenez,  aldez aurreko hitzorduaren sistemaren bidez baino ez da ematen jendaurreko arreta: «Herritarrek 060 telefono zenbakira deituz edo www.citapreviadnie.es web orriaren bidez aukera dezakete zein egun eta ordu komeni zaien. Arreta pertsonalizatuko sistema horrek, alferrikako itxaronaldiak saihesteaz gain, bizilagunentzako segurtasun handiagoa ahalbidetzen du, sarbideetan ilarak saihesten baitira, eta horiek  Covid-19aren transmisio-arriskua areagotzeko gune baino ez dira».