5.000 bonu Erosi Zarautzen programaren bigarren fasean

0

Martxan jarri da «Erosi Zarautzen 2020” bonu programaren bigarren fasea. Oraingoan, Zarauzko 124 saltokik bat egin dute, eta zerrenda Udalaren web ofizialean ikusi daiteke (www.zarautz.eus). Saltoki bakoitzak, bonuak eskuragarri dituen bitartean, sarreran kartel bat izango du informazioarekin eta euskarri bat mostradorean.

Iker Basurkok (EAJ-PNV) Garapen saileko zinegotzia eta Suspertze eta Modernizazio Planari lotutako ekintza guztien dinamizatzailea denaren esanetan: «Bizitzen ari garen egoera sozioekonomikoa, eta datozen urteetan biziko dena, zaila izango da. Udan hainbat ekintza egin ondoren, udazkenean eta neguan gure herriari bizia ematen dioten negozio txikiek ere guztion babesa beharko dutela uste dugu «.

Guztira, 10 euroko 5.000 bonu baino gehiago jarriko ditu martxan Zarauzko Udalak. Oraingo honetan, 10 euroko bonuak metagarriak dira. Hori dela eta, erosketa 30 eta 70 euro artekoa bada, deskontua 10 eurokoa izango da; gastua 70 eta 120 euro artekoa bada, deskontua 20 eurokoa izango da; bezeroak 120-180 euro bitartean gastatzen badu, deskontua 30 eurokoa izango da; eta erosketengatik, 180 euro baino gehiago ordaintzen badira, deskontua 40 eurokoa izango da.

Kanpainak urriaren 18ra arte iraungo du, baina ohi bezala, bonuak kanpainaren lehen egunetan amaitzea espero da.

Bonu-kanpaina honek 200.000€-tik gorako zuzeneko eragina izango du kontsumoan.

«Deskontu sistema honekin, erosketa handietan ere ekintza interesgarria izatea da gure helburua. Kanpaina honen ondoren, eguberriko kanpainaren garaia iritsiko da, diseinatzen hasi gara dagoeneko eta ziurrenik, berritasunen bat egongo da. Aurten, inoiz baino gehiago, bizi ari garen egoeraz jabetu behar gara eta ahal dugun neurrian, tokiko saltokietan kontsumitu eta erosi behar dugu. »

Zarauzko Udalak etorkizuneko ekintzak sustatzen eta babesten jarraituko du, gure tokiko ekonomiarako hain funtsezkoa den sektore hau suspertzeko.