Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBKk jarduketa-protokolo bat sinatu dute Bizkaiko tokiko merkataritzari laguntzeko jarduerak batu eta koordinatzeko; jarduketa horien ardatza eraldaketa digitalaren eta online salmentaren erronka handiari aurre egitea da. Bi erakundeek hiru milioi euro bideratuko dituzte datozen hiru urteetan protokolo honen barruko ekimenak garatzeko.
Hitzarmena sinatu aurretik, Unai Rementeriak, Ahaldun Nagusiak, eta Xabier Sagredok, BBKko presidenteak, Bizkaiko merkatarien elkarteekin bildu dira eta tokiko merkataritzarekiko konpromisoa eta lurraldeko jarduera ekonomikorako eta enplegurako funtsezkoa den sektorea hobetzeko proiektuak zuzentzeko prest daudela adierazi diete.
Horretarako, protokoloak honako jarduketa-eremu hauek jasotzen ditu, digitalizazioak sortzen dituen aukerak aprobetxatuz tokiko merkataritzari sektore indartsuagoa, eraginkorragoa eta lehiakorragoa izaten laguntzeko:
- tokiko merkataritzaren eskaria sustatzea,
- tokiko merkataritzaren garapen digitalean laguntzea, bai eta sektorearen trebetasun digitalak hobetzen ere,
- tokiko merkataritzari bere salmenta-kanalak zabaltzen laguntzea, euren eskaintza bezeroari hobekien komeni zaion bitartekora egokitu ahal izateko.
- besteak beste, merkatarien elkarteekin, gizarte-erakundeekin eta berrikuntza teknologikoko edo logistikoko enpresekin aliantzak artikulatzea,
- merkataritzaren inguruan adimen artifizialeko sistema bat sortzea sustatzea,
- bitarteko digitalen bidezko ordainketa sustatzea,
- kontsumoan eten digitala saihestea, adinekoei eta baliabide gutxi dituzten etxeei online erostea errazteko.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, digitalizazioak ez du ohiko merkataritza ordezkatu behar, merkatariei pertsiana goian mantentzen lagundu behar dien aukera ere badelako, «guztiok nahi eta behar duguna». Horregatik, «Aldundiak eta BBKk Bizkaiko tokiko merkataritzaren digitalizazioarekin bat egingo dugu», azpimarratu du.
Xabier Sagredok, BBKko presidenteak, azpimarratu duenez, ekimena beharrezkoa da eta bertako merkataritzari laguntzeko konpromisoa indartu du. «100 urte baino gehiago daramatzagu, besteak beste, merkataritzarako beka, lankidetza edo bonuen bidez laguntzen, eta horretan jarraituko dugu.»