Ondarearen XX. Europar Jardunaldiek Ondarea eta Hezkuntza uztartuko dituzte

0

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Jose Luis Arribas eta Jose Rodriguez koordinatzaileekin batera, Ondarearen Europar Jardunaldien hogeigarren edizioaren programazioaren berri eman du ekitaldi batean; bertan, parte hartuko duten 140 erakunde baino gehiagoren ordezkaritza txiki bat izan da.

Bizi dugun une historikoan, aurkezpena karga sinboliko handiko leku batean egin da:  ospitale zahar batean, Atxuriko Joan Santuen Ospitale Zibilean, egin-eginean ere Bilbok antzina izandako kolera-pandemiak, tifusak… zituzten gaixoak artatzeko eta sendatzeko toki ezagunean. Ospitale hori bera Arte eta Ofizio Eskola bihurtu zen, egoitza zaharra lekuz aldatu ondoren, eta gaur egun lanbide irakaskuntzako ikastetxe bat da, Campuzano BHI.

Diputatuak azaldu duenez, Bizkaiko Ondarearen Europar Jardunaldien programa aurrera eramango da «Kontaiguzu Ondarea! Ondarea eta Hezkuntza» izenburuaren pean eta haren helburu nagusiak honakoak dira: hezkuntza-jarduerarekin lotutako ondarea balioestea eta ikusaraztea (neurri handi batean ezkutuan geratzen baita), bai eta Ondarean heztea eta ondare-elementu bakoitzaren atzean dauden balioak jendeari helaraztea ere. Ondarean hezten laguntzeko egiten dira jardunaldiak: ondarea balioesteko, kontserbatzeko, bizirik dagoen ondarea transmititzeko.

Urria jardueraz beteta egongo da.   200 ekitaldik osatuko dute hilabete horretako agenda; honatx horietariko batzuk: bisitak, ibilaldiak eta ibilbide gidatuak, oinez edo bizikletaz; tailerrak, hitzaldiak, hitzaldiak, topaketak eta zuzeneko testigantzak, ipuin kontaketak, erakusketak, kontzertuak eta topaketa musikalak, ikus-entzunezko emanaldiak, bideo-forumak, lehiaketak eta lehiaketa interaktiboak, scape room formatuko jarduerak, betiere bertaratutakoak jarduerarekin modu parte-hartzailean konektatzeko asmoz.

Lorea Bilbaok gogorarazi duenez, ‘Bizkaiak 20 urte bete ditu Ondarearen Europar Jardunaldiak koordinatzen; hala, edizio bakoitzean izandako koherentzia tematikoak eta kultura- eta gizarte-eragileen konpromisoak eta inplikazioak erreferente bihurtu dituzte Bizkaiko Ondarearen Europar Jardunaldiak Europan, kudeaketa-eredu finkatu eta eraginkor gisa’.

Aurten, jarduera guztiak modu seguruan egingo dira, osasun-agintariek emandako neurriak eta gomendioak betez.  Horregatik, edukiera-muga ezarriko da eta erreserba aldez aurretik egin beharko da.

Ondarearen Europar Jardunaldien aurtengo edizioari buruzko informazio guztia eskuratzeko: www.bizkaia.eus/ondareareneuropakojardunaldiak2020