Unai Rementeria: «Birus honek ez gaitu garaituko. Bizkaia ez da geldituko»

0
PRUEBA

«Birus honek baldintzatu ahal izango gaitu, baina ez gaitu garaituko. Lanean jarraituko dugu, baldintzatuta, bai, baina egunerokoa kudeatzen, arazoei irtenbideak bilatzen, Bizkairako funtsezkoak diren proiektuak bultzatzen, hurrengo belaunaldiei zor diegun lurralde hau hobeto eraikitzen. Baldintzatuta, bai; etsita ez. Garaituta, inoiz ere ez». Hitz horiekin Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, berretsi egin du gure lurraldea aurrera ateratzeko duen konpromisoa, nahiz eta pandemiak arazo ugari sortu eta sei hilabetetan azken urteetako emaitza positiboak gelditu dituen. «Bizkaia ezin da gelditu eta ez da geldituko», azpimarratu du Gernikako Batzar Etxean gaur egin den politika orokorreko osoko bilkuran.

COVID-19aren ondorioz hil diren pertsona guztiak eta haien familiak gogoratuz hasi duen esku-hartzean, Rementeriak pandemia honek lurralderako ekarri duen egoeraren diagnostikoa egin du. Langabeziak gora egin du eta tasa %11,9koa da (2019an baino puntu bat gehiago), eraikuntzaren sektoreak atzera egin du edo merkataritza eta ostalaritza bezalako sektoreak krisian murgilduta daude, – «uste dugu aldi baterako kalteak izango direla eta 2022tik aurrera  nabarmen hobera egingo dugula adierazten duten aurreikuspenak bete egingo direla»- baina, era berean, gogorarazi du beste sektore batzuek gora egin dutela, adibidez industria elektrikoak, sektore teknologikoak (bere kapazitatearen %95ean dagoena), automobilgintzak (enpresa asko ekoizpen-ahalmen okupatuaren %90etik gora daude), elikagaien banaketak, industria farmazeutikoak edo bizikletaren industriak.

«Pandemia hau ere igaroko da. Eta igarotzen denean, martxan hartu behar gaitu», adierazi du Unai Rementeriak, eta adierazi du Aldundiak horrela izan dadin «laguntzen» jarraituko duela. Ildo horretatik aurreratu du  foru erakundeak hirugarren hiruhilekoaren ordainketa zatikatuaren salbuespena onartuko duela jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko guztientzat, eta horrek 10 milioi euro inguruko injekzioa ekarriko duela, eta itzulketa hori egiteko eskaera egin duten Bizkaiko 901 mikroenpresei eta enpresa txikiei Sozietateen gaineko Zergaren itzulketa aurreratuko zaiela, horrela irailaren 30ean kobratu ahal izango dutelako abendura edo urte hasierara arte itxaron Gabe.

«Laguntze» horretan, Ahaldun Nagusiak hiru lehentasun ezarri ditu: lehena, jarduera ekonomikoa eta enplegua lehengoratzen eta sortzen laguntzea; bigarrena, gizarte-ekintza hobetzea eta modernizatzea, beharrizana  duten pertsonak babesten dituen sarea eta, hirugarrena, Bizkaia berdea, digitala eta eskualdeen arteko berdintasun handienekoa lortzea.