Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak 35 urte bete ditu berrikuntzaren eta talentu erakarpenaren erreferente gisa

0

1985ean, industria tradizionalak bizi zuen krisi sakonaren eta birmoldaketa-prozesuaren testuinguruan, euskal erakunde publikoek enpresa-eredua goitik behera aldatzearen aldeko apustua egin zuten: Zamudioko landa-ingurunean, teknologia aurreratuko enpresak instalatzeko gunea sustatzea. Horrela sortu zen Bizkaiko Parke Teknologikoa, bere generoan aitzindari izan zena eta orain 35 urte betetzen dituena.

1985eko irailaren 30ean sortu zen modu formalean Sociedad Parque Tecnológico-Teknologi Elkartegia, S.A., zuzenbide pribatuko enpresa publikoa, Eusko Jaurlaritzaren garapen-agentziak (SPRI), akziodun nagusi gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zamudioko Udalak osatua. Helburua: industria-ekimena sustatzea eta bultzatzea, teknologia aurreratuko enpresak instalatzeko gunea eraikiz.

Inauguratu zenetik, Parkea erreferente bihurtu da, eta ez bakarrik aitzindaria izateagatik –genero horretako lehena izan zen Estatu osoan–, baita talentua erakartzeko izan duen gaitasunarengatik ere. Hiru hamarkada eta erditan, lehen mailako berrikuntza eta garapen teknologikoaren gune bihurtu da, berri samarrak izan arren jada funtsezkoak diren sektoreak barne, 4.0 industriarekin erlazionatutakoak, besteak beste.

Parkearen sorrerak, ordura arte ezezaguna zen berrikuntza ekarri zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren apustu ausarta eta irmoa izan zen. Apustu horrek baliabide ugari behar izan zituen, eta beste erakunde publiko batzuen laguntza jaso zuen, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta azpiegitura berria hartu zuen herriko Udalarena berarena, besteak beste.