Josu Erkorekak nabarmendu du Euskadin ez dagoela Espainiako Gobernuak iragarritako ezohiko neurri murriztaile berriak martxan jartzea eskatuko lukeen udalerririk

0

Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote RNE-ko “Besaide” saioan, eta, bertan, gaurkotasuneko hainbat gai jorratu ditu.

Gaur arratsaldean RNE-ri eskainitako elkarrizketan, Josu Erkoreka lehenengo Lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak jakitera eman du  Covid-19ren aurkako neurri murriztaile berriak iragartzeko Espainiako Gobernuak jarraitutako prozedura ez dela ortodoxoa izan, neurri horiek autonomia erkidego guztietan aplikatu nahi badira. «Prentsaren bidez jakin dugu», gaineratu du. Gainera, azpimarratu du Euskadin, orain, ez dagoela Espainiako Gobernuak adierazitako salbuespenezko egoeran dagoen udalerririk, iragarritako ezohiko neurri murriztaile berriak martxan jarri beharko lituzkeenik.

Osasun krisiari dagokionez, Erkoreka lehendakariordeak azpimarratu du oso garrantzitsua dela, behin neurriak jarrita, horiek betetzeko erantzukizun indibiduala eta kolektiboa, eraginkorrak izan daitezen. Gainera, azpimarratu du, hobetu daitekeen arren, osasun-sistemaren erantzuna positiboa izan dela Euskadin, bai profesionalena, bai sistemarena berarena; eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritza ahalegina egiten ari dela osasun-sistemak pandemiaren erronkei erantzuteko duen gaitasuna hobetzeko. «Pandemiaren aurrean eraginkorragoak izateko behar dena ematen ari gara», esan du. Halaber, aurreikuspen ekonomikoen arabera, datorren urteko aurrekontuari arrazoizko terminoetan aurre egin ahal izango zaiola adierazi du, Berpiztu Planaren bidez osasun eta ekonomia erronkari eraginkortasunez erantzun ahal izateko.

Pandemiaren ondorioei dagokienez, eta, zehazki, Gestamp enpresak iragarritako neurriei dagokienez, Josu Erkoreka sailburuak ziurtatu du, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako beste enpresa batzuetan bezala, jarraipena egin dela eta enpresaren egoera ezagutzen zela. Gainera, azaldu duenez, jasotako laguntzak I+G+b proiektuetara bideratu dira, eta ez ekoizpen-jarduerara, eta ezarritako mugarriak betetzen diren heinean, ez dago laguntza horiek kentzeko arrazoi objektiborik.

Gernikako Estatutua betetzeari dagokionez, lehendakariordeak jakinarazi du lehen harremanak izan direla eta datozen asteetan transferentzien egutegia eguneratzeko bilerak egingo direla; non gehitu beharko den Gutxieneko Bizi Sarreraren kudeaketaren transferentzia.

Bestalde, Segurtasuneko sailburuak ziurtatu du polizia-ereduak prebentzioa eta hurbiltasuna azpimarratzen jarraituko duela.