Beatriz Artolazabalek azpimarratu du “jarduera judizialean ez dela egon eta ez dagoela kolapsorik”

0

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azpimarratu du “jarduera judizialean ez dela egon eta gaur egun ez dagoela inolako kolapsorik”. Alderdi Popularra / Ciudadanos taldeko Luis Gordillo legebiltzarkidearen interpelazio bati erantzunez, sailburuak azpimarratu du azken hilabeteetan, “pandemiak murrizketak eragin arren”, organo judizialen funtzionamendu-premiei erantzuten saiatu direla, nahiz goizeko nahiz arratsaldeko lanaldian.

Sailburuak azaldu duenez, alarma-egoera indarrean egon zen bitartean tramite eta epe prozesalak eten egin ziren, funtsezkotzat jo zituztenak izan ezik, eta “etenaldi horren ondorioz, jarduerari berriro ekin zaionean amaitu gabe zeuden gaiak eta gai berriak pilatu dira”. Gainera, pandemia iritsi aurretik jurisdikzioren batean auzi kopuruak jada gainezka egiten ari ziren. Eta krisi honen ondorio sozioekonomikoek “segur aski auzi kopuruak gora egitea ekarriko dute, batez ere gizarte-mailan, ABEEak luzatu izanak gorakada hori oraindik oso nabarmena ez izatea eragin duen arren”. Horregatik, Artolazabalen iritziz, epaitegietako eta auzitegietako ohiko jarduera berreskuratzeko, zailtasun horiei aurre egin beharra dakar, “baina une honetan ez da interpelazioan deskribatutako egoerarik ematen, eta aurkitutako zailtasunak ez dira bistak arratsaldez ez jartzearen ondorio.”

Babes-neurriak

Bistak arratsaldez jartzeko aukerari buruz, sailburuak esan duenez Justiziako langileak babesteko neurri gisa pentsatua dago. Hala, Justizia Administrazioaren eremuan COVID-19ari aurre egiteko antolaketa eta neurri prozesalei buruzko apirilaren 28ko 16/2020 Errege Dekretua —Administrazioei, baldintza batzuk betez, goiz eta arratsaldeko lanaldiak finkatzeko aukera ematen zien— eta Justizia Ministerioaren 2020ko ekainaren 5eko Agindua (3. faserako) baliatu ditu.  Agindu horrek goiz eta arratsaldeko lanaldiak ezartzea aurreikusten zuen, baina esaldi hau gaineratuz: “destinoko lantoki berberera joan behar duten funtzionario guztiek aldi berean euren lanpostuen berezko funtzioak betetzeko segurtasun-neurriak gordetzea bermatu ezin denean”.

Horregatik, produktibitate judiziala handitzeko baino gehiago, COVID19aren aurrean laneko babes-neurri gisa proposatu zen neurri bat da. Gainera, Errege Dekretuan aukera hori irailaren 20ra arte (alarma-egoera amaitu eta 3 hilabete beranduago) balia zitekeen.

Duela egun gutxi irailaren 18ko 3/2020 Legea —Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko prozesu- eta antolaketa-neurriei buruzkoa— onartu zen. Lege horren bidez, 2021eko ekainaren 20ra arte jurisdikzio-zerbitzu eta -organo guztientzako goizeko eta arratsaldeko lanaldiak ezartzeko aukera gaitzen da, aldez aurretik erakunde sindikalekin negoziazio kolektiboa landuz, eta kasu guztietan laneko segurtasuneko eta laneko arriskuen prebentzioko neurriak errespetatuz.

Hartutako erabakiak

Egoera hori kontuan hartuz, Eusko Jaurlaritzako Justiziako titularrak hauxe iragarri du: «arratsaldeko ordutegian jarduketak ahalbidetzen jarraitzeko behar diren neurriak hartuko dira, nahiz negoziazio kolektiboaren ondoren epaitegi edo bulego jakin batzuentzako goizeko eta arratsaldeko lanaldiak finkatuz, nahiz lanaldi horiek ez dituzten epaitegietan edo bulegoetan jarduketak arratsaldez egiteko mekanismoak erabakiz, orain arte egin izan den bezala”. Neurri hori “jurisdikzio-jarduera erabat berreskuratzeko proposatzen direnen artean beste bat baino ez da”.

Lanaldien antolakuntzari eta arratsaldeko jardueretan laguntzeari buruzko neurriez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan “hilabete zail hauetan abian jarri diren hainbat ekimen eraginkor prestatu dira”. Adibidez, neurri hauek: Justiziako profesionalei eta herritarrei zuzenduta, Justizia Jauregietan arreta emateko aurretiazko hitzordua hartzeko web-sistema bat; konexio segurua duen urrutiko sistema, Justizia Administrazioko Abokatuak, Epaileak, Magistratuak eta Fiskalak kudeaketa prozesaleko euren aplikazioetan eta euren espedienteen informazioan sartu ahal izateko; espazio judizial guztietan osasun-agintariek exijitutako segurtasun- eta higiene-neurriak; organo judizialei informatikako ekipamendu gehiago ematea, bilerak modu telematiko seguruan egitea errazteko; Justizia-administrazioa osatzen duten organo guztientzako bideokonferentziako zerbitzuak eta epaiketa-aretoak grabatzeko JustiziaIkusBi proiektua izeneko multimedia-sistema berria; Telelana proiektuaren garapena. Proiektu horri esker, aurki, epaileek, magistratuek, fiskalek, Justizia Administrazioko abokatuek eta auzitegi-medikuek informatikako ekipamendu berrienak izango dituzte, eska daitekeen segurtasuneko berme osoarekin, lanpostua mugimenduan deitutakoa osatzeko; Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetako erregistro zibilen bulegoetan jendearen arretako txandak kudeatzeko sistema berria ezartzeko lanean ari dira; profesionalen eta organo judizialen arteko komunikazio telematikoa ahalbidetzen duen JustiziaSIP plataformaren eguneratzean urratsak ematen ari dira; eta Ertzaintzak erabilitako plataformekin kudeaketa prozesaleko aplikazioen elkarreragingarritasuna ere sustatzen ari dira. Horri esker polizia-eginbideak telematikoki aurkeztu ahal izango dira, etab.