Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa

0

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilerak bultzada eman dio Euskadiren finantzaketa erregimenari –Ekonomia Itunari–; izan ere, Foru Aldundiei zorpetzeko gaitasun propioa aitortu zaie lehen aldiz. Hala, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Maria Jesus Montero Ogasun ministroak uztailaren 31n hitzartutako %2,6ko defizitari, %0,9 gehitu zaio Foru Aldundientzat, eta defizit hori %3,5era heldu da Euskadiko erakundeentzat 2020an. Gainera, 2021erako defizita %3,0an finkatzea lortu da (%2,2 Eusko Jaurlaritzarentzat eta %0,8 Foru Aldundientzat). Horri esker, aurrekontuak egiteko prozesua modu sendoagoan abiaraz daiteke, aldez aurretik zifra itxiak edukitzeak aurrekontuen agertokia definitzea ahalbidetzen duelako.

Era berean, adostu denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren zor publikoaren helburua %16,3koa izango da 2020rako eta %16,9koa 2021erako (12.440M/€). Horrela, 10.821M/€-ra eta 12.440M/€-ra helduko lirateke, hurrenez hurren.

Gaur lortutako akordioa, uztailaren 31n sinatutakoaren ondoriozkoa, mugarri bat da, Foru Aldundiek lurralde historikoetan zerga ahalmena dutela, eta, Eusko Jaurlaritzak bezala, COVID-19ak eragindako diru-sarreren beherakada berehala jasaten dutela onartzen duelako. Ekonomia Itunak, euskal errealitatera egokitutako erantzunak behar dituen ekonomikoa arloko autogobernu-maila dakar. Izan ere, 48. artikuluak euskal erakundeen zerga eta finantza arloetako autonomiaren printzipioa ezartzen du, eta 62.b artikuluak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoari esleitzen dio aurrekontu egonkortasunaren arloko lankidetzarako eta koordinaziorako konpromisoak adosteko eginkizuna, kasu honetan gertatzen den bezala.