Ernesto Martínez de Cabredo, Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusi berria

0

Gaur goizean bildu den Euskal Trenbide Sareko Administrazio Kontseiluak Ernesto Martinez de Cabredo Arrieta izendatu du erakunde publikoko zuzendari nagusi, Aitor Garitano Trojaolaren ordez. Azkoitian jaio zen, 1961ean, eta URA erakundearen, Uraren Euskal Agentziaren, zuzendari nagusia izan da 2016ko abendutik orain arte.

Bide, Ubide eta Portuetako ingeniaria (1980-1986) Kantabriako Unibertsitatetik, Ernesto Martínez de Cabredok zuzenduko du legegintzaldi honetan Iñaki Arriola sailburua buru izango den Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikita dagoen euskal trenbide administratzailea.

Aurretik, ETSko zuzendari nagusi berriak ibilbide luze eta emankorra egin du sektore pribatuan, eraikuntzan eta herri-lanetan batez ere. 1996 eta 2016 artean, Construcciones Amenabar enpresako zuzendari gerentea izan zen, eta, aurretik, Dragados y Construcciones enpresaren Gipuzkoako ordezkaria izan zen (1987-1996).