Iñigo Urkullu Lehendakariak banatu ditu Pello Irazu, Laida Lertxundi eta Leopoldo Zugazaren lana aitortzen duten Gure Artea Sariak 2020

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria Gure Artea sariak emateko ekitaldiko buru izan da Guggenheim Bilbao Museoan. Bertan ‘Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatean’ Pello Irazuk jaso du saria, ‘Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatean’ Laida Lertxundik eta ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitatean’ Leopoldo Zugazak.

Lehendakariarekin batera ekitaldian izan da Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea ere.

Iñigo Urkullu Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu duenez “Euskadik herri sortzailea izan behar du herri bizia izaten jarraitzeko. Euskadik kultura, artea eta sormena behar du Europan eta munduan gure argi propioa izaten jarrai dezagun”. Gaineratu duenez, “kulturak eta arteak erakutsi digute ahalmen ikaragarria dutela gure gizartea eratzeko, gure herriaren kohesioa indartzeko, Euskadi eraldatzeko eta Basque Country herri-irudia munduratzeko”.  Hala, Lehendakariak nabarmendu duenez “une latz honetan, berresten dugu gure konpromisoa kulturarekin eta artearekin.”

 ‘Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatea’

Pello Irazu Mendizabal (Andoain, 1963) artista gipuzkoarrarentzat izan da aurten ‘Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatea’. Gure Artea sarien epaimahaikideen aburuz, “funtsezko artista izan da euskal arte garaikidearen panoraman” eta “joan den mendeko 80ko hamarkadan egin zen euskal eskultura garaikidearen berrikuntzaren ordezkari nagusietako bat dugu”. “Zer den artea eta zer ez den artea, horren arteko mugak gero eta lausoagoak diren testuinguru honetan, Irazuk artearen beraren esentzian jarri du arreta, eskulturaren praktikari dimentsio berri bat gehituta, eta horregatik da bere lana konplexu eta berezienetako bat euskal artearen panoraman”, jaso dute ebazpenean.

                Era beren, epaimahaiak bere lana aitortu nahi izan du: “Eskultura ‒eta bere problematika‒ da Irazuren lanaren funtsa, eta tartekatu egiten du, argazki, marrazki eta pintura muralekin, bere espektrorik zabalenean: tamaina txikiko hiru dimentsioko proposamenetatik hasi eta instalazio kolosaletaraino, hibrido objektualak tartean direla”. “Erabilitako diziplinaz aparte, bere lanak oso modu zehatz batean heltzen die gure gorputzen, objektuen eta espazioen arteko erlazio anitzetan sortzen diren arazoei”, nabarmendu dute.

Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatea’

Laida Lertxundi de Pradorentzat (Bilbo, 1981) izango da 2020ko ‘Sormen-jarduera aitortzeko modalitatea’. Donostian bizi den artista bilbotarrak bideotik eta idazketatik lan egiten du, “eta bere proposamen artistikoak instalazio eta proiekzio moduan gauzatzen ditu, nazioarteko arte bienaletan, galerietan, zine-aretoetan eta erakunde artistikoetan aurkeztuz”, ebazpenak jaso duenez. Lertxundik erreferentzia gisa hartu ditu artearen eta zinemaren historiaren formatu tradizionalak, eta horien gaineko begirada kritikoa egin du. “Bere obran etengabeak dira abangoardiako artearen korronte kontzeptualen erreferentziak, eta islatuta ageri dira bere obra osoa zeharkatzen duen minimalismo lirikoan, musika esperimentalaren erabileran edo Pop mugimenduaren berezko estrategietan”, azaldu dute epaimahaikideek.

                Halabere, epaimahaiak nabarmendu du erreferente anitzak dituela artista bizkaitarrak: “Lertxundiren praktikan jatorri desberdineko erreferenteak batzen dira, bere bizi-ibilbidearen parte diren tokien aipuak, bere irudiak, testuak eta soinuak sortzeko moduen bidez eraikitako bideak. Lofoten uharteetatik Kaliforniako basamortura, euskal mendietatik igaroz, bertako paisaiek kontakizun zatikatuen mundu bat eratzen dute”.

‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitatea’

Azkenik, Leopoldo Zugaza Fernandez (Durango, 1932) aukeratu dute ‘Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko modalitate’-an irabazle, “Euskadin kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin duen ibilbide oparoan oinarrituta”. “Artearen munduarekin lotutako hainbat elkarte eta erakunderen ekintzaile, editore eta sortzaile izan da Leopoldo Zugaza, eta haren jakin-mina eta lanerako gaitasuna nekaezinak izan dira, hain zuzen ere, bere inguruko kulturaren esparruan aurkitu diren hutsuneak betetzera bultzatu dutenak. Izan ere, artea eta kultura, orokorrean, jendearengana hurbiltzera bideratutako lana dira, bai azpiegitura handietatik, bai tokiko espazio txikietatik”, jaso dute ebazpenean.

                Epaimahaikideek azaldu dutenez, “kalitate maila nabarmena erakutsiz”, kultura artistikoaren balio-katearen fase guztietan hartu du parte: ikerketa, prestakuntza, sorkuntza/ekoizpena, sustapena/hedapena eta banaketa. Eta horregatik “euskal arte-sistema garaikidea ezin da ulertu Leopoldo Zugazaren ekimen desberdinen ekarpenik gabe”.

Epaimahaia

Gure Artea sariak arte plastikoen eta ikusizkoen arloan Euskadin ematen diren garrantzitsuenak dira eta aditu talde batek osatzen duen epaimahaiak erabakitzen ditu sarituak. Aurten Mikel Onandia izan da epaimahaiburu eta Miren Arenzanak, Lucia Agirrek, Oier Etxeberriak eta Sahatsa Jauregik osatu dute epaimahaia.  Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du sari horrengatik.