Javier Hurtado sailburua: «Badakigu ostalaritza-, turismo- eta merkataritza-sektoreak egoera zail baten aurrean daudela, eta enpleguak babesteko lanean dihardugu»

0

Cadena SER kateko «La Ventana Euskadi» irratsaioan elkarrizketatuta, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok azaldu egin du pandemiaren inpaktuaren aurrean ostalaritza, turismo eta merkataritza sektoreetarako hartu diren ekintzen plana, COVID-19aren erresistentzia aldiaren ondoren sektore horiek berraktibatu ahal izateko. «Badakigu ostalaritza-, turismo- eta merkataritza-sektoreak egoera zail baten aurrean daudela. Erresistentzia-etapa honetan, #enpleguak babesteko lanean, sektoreari laguntzak bideratzen eta turismo eta merkataritza bonuen (EuskadiTurismoBono eta EuskadiBonoDenda) gisako akordio aitzindarietan dihardugu».

Sailburuak azaldu duenez, turismoko, ostalaritzako eta merkataritzako deskontu-bonuek 26 milioi euro baino gehiago mugiaraziko dituzte merkatuan, EAEko administrazio guztiekin adostutako 9 milioi euroko injekzioari esker. «Atzo akordio aitzindari bat sinatu genuen – azpimarratu du – Aldundiekin, udalekin eta EUDELekin, eta hiru asteko epea ireki da establezimenduak atxiki ahal izateko eta herritarrek, urriaren 28tik aurrera, bonuak eskuratu ahal izateko».