Lehendakaria Kontroleko Osoko Bilkuran

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Luis Javier Tellería Orriols Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko Ekonomia eta Gizartea Berreraikitzeko Programa berriari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu duenez, ekonomia suspertzea eta galdutako enplegu guztia berreskuratzea helburu duen programa hau lehentasunezkoa da Eusko Jaurlaritzarentzat. Bizi dugun egoeraren aurrean, lehendakariak egungo arazoei eta beharrei erantzutearen garrantzia azpimarratu du, baina epe luzerako ikuspegiarekin; izan ere, pandemia trantsizio-une batean iritsi da, eta orain hartzen ditugun erabakiek gure etorkizun ekonomikoa baldintzatuko dute. «Euskadi Digital, Euskadi Berde eta Euskadi inklusibo batean aurrera egiteko Herri estrategia global bat partekatzea dagokigu», gaineratu du. Ildo horretan, lehendakariak erakunde, eragile ekonomiko eta sozial guztiekin alderatzeko beharra azpimarratu du. «Entzuteko, ekarpenak jasotzeko eta Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko Planean sartzeko asmoarekin jotzen du Gobernuak bilera horietara», adierazi du.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, pandemiaren ondorioak arintzeko neurriei buruz.

Lehendakariak azpimarratu du hartutako neurriak eraginkorrak izan direla, nahiz eta oraindik ez den egoera gainditu. «Badakigu zein den egungo egoera, baina neurriak hartu dira eta neurriak hartzen jarraituko dugu. Gaur egun, ondorioak arinagoak dira eta, bide horretan jarraituz gero, bihar arinagoak izango dira «. Gainera, lehendakariak elkarlanerako deia egin du, elkarrizketari, proposamenak jasotzeari, adosteari eta neurri gehigarriak abian jartzeari ateak irekiz.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Polularra taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko zerbitzuen kolapsoa gainditzeko neurriei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak zailtasunak aitortu ditu, baina berretsi du zerbitzua eta arreta hobetzen joan direla, eta zerbitzu publikoak etengabe hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-babesaren arloei lehentasuna emanez. Gainera, Administrazio publikoa digitalizatzearen aldeko apustua nabarmendu du, Administrazioaren eta herritarren arteko harreman telematikoa sustatuz.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Talde Mistoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, erakundeen egonkortasunak gure Autonomia Erkidegoaren garapen ekonomiko eta soziala posible egiteko duen garrantziari buruz.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Euskadi egonkortasun instituzionalaren bermea da gaur egun, eta horren adibide, «Euskadiko bonu Iraunkorren» bi jaulkipenek nazioarteko finantza-merkatuan izandako arrakasta eta rating agentzien kaudimena aipatu ditu. «Dena hobetu daiteke, zalantzarik gabe, baina erakundeek funtzionatzen dutela erakusten duen frogarik onena da zuek Legebiltzar honetan parte hartzen duzuela eta hemen zuen postulatuak defendatzen dituzuela, benetan Legebiltzarraren aurkakoak zaretenean», adierazi du.

Interpelazioa, Oihana Etxebarrieta Legrand EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, berdintasun alorra eta Emakunde Lehendakaritzatik kentzeari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du, Emakunderen autonomia eta Lehendakaritzarekiko lotura mantentzeaz gain, gobernu-organoaren bidez; konpromiso eta neurri berriak sustatuko direla ikusgarritasuna, zeharlerrotasuna, koordinazioa eta lankidetza sustatzeko. “Eusko Jaurlaritza osoaren helburua da konpromiso horiek aberastea, eta jarraipen estua egingo zaie aplikazioari eta emaitzen ebaluazioari. Ardura horrek Emakunderen eta bere Zuzendaritza Kontseiluaren esku jarraituko du, eta Lehendakariak eutsi egingo dio kontseilu horren buru izateari”, esan du. Halaber, lehendakariak berretsi egin du Jaurlaritza osoak berdintasunarekin duen konpromiso irmoa. «Lehentasuna izan da eta izaten jarraituko du Lehendakariarentzat eta Gobernu osoarentzat; zalantzarik gabe, lehentasuna izan delako eta izaten jarraituko duelako euskal gizarte osoarentzat», azpimarratu du.

Galdera, José Manuel Gil Vegas euskal Alderdi Popularra taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Cristina Uriarte andrea aholkulari gisa kontratatzeko irizpideari buruz.

Lehendakariak azaldu du Cristina Uriarte Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Ordezkari izendatzeko aintzat hartu eta baloratu dituen arrazoiak konfiantza-, merezimendu- eta gaitasun-arrazoiak direla. «Ikerketa- eta garapen-estrategia bultzatzeko unea iritsi da. Lehentasuna da, eta inbertsio gero eta handiagoa egiteko konpromisoa hartu dugu, aurrekontu publikoak % 6 haziko baitira urtero. Nik uste dut Cristina Uriarte pertsona egokia dela estrategia hori koordinatzeko eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Ordezkari gisa dagozkion funtzioak garatzeko «, adierazi du.