San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country modu birtualean egingo da, elikaduraren eta gastronomiaren profesionalentzako topagune internazionala izaten jarraituta

0

Gaur hasi da San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country sukaldaritzako kongresua, ‘Caminos-Bideak-Pathways‘ izenburuarekin. Pandemia dela-eta, kongresua auditorio birtual batean egingo da, Kursaaleko auditorioan egin ordez, eta urriaren 9a arte, ostiralez, gastronomiako 50 ordu ere emango dira zuzenean bertatik, 60 hitzaldi baino gehiagorekin.

Berriro ere Eusko Jaurlaritzak babesa erakutsi dio San Sebastian Gastronomikari edizio honetan, Euskadik maila internazionalean duen zeregina eta eragina sendotzen duen kongresua delako, izan ere, Euskadi gastronomiaren eta elikaduraren berrikuntzaren alorrean erreferentziako lurralde bihurtzen du eta alor honetako abangoardian kokatzen du nazioartean. Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozen hitzetan, “kongresu honek nazioarteko agertokian kokatzen du Euskadi, nekazaritzako elikagaien sektorearen barruko lurralde bikain gisa”.

Oroz sailburuordeak adore mezu bat helarazi nahi izan dio Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektore osoari, eta zerbitzuaren eta produktuaren kalitatearen alde egiten jarraitzera gonbidatu, hori baita gaur egun bizitzen ari garen egoerari aurre egiteko palanka.

Hizlari ospetsuak San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country-n

Parte hartzaileen artean, Ferran Adrià, Joan Roca, Bittor Arginzoniz, Selassie Atadika edo JJ Johnson izenak nabarmentzen dira. Guztira, 70 hizlarik baino gehiagok osatzen dute San Sebastian Gastronomika-Euskadi Basque Country kongresuaren edizio honen programazioa.

Euskal sukaldari biren sukaldeetara ere sartuko dira kongresuaren kamerak. Bittor Arginzonizen eta Eneko Atxaren sukaldeetatik, zuzenean erakutsiko digute nola den zerbitzua nazioartean ospetsuak diren bi jatetxe horietan. Era berean, Arzak, Akelarre, Martin Berasategui edo Zuberoa jatetxeak izango dira hitzaldi askoren agertokia.