Tokiko produktuen salmentarako merkaturatze sistemaren digitalizazioaren eta dibertsifikazioaren gaiei heldu die Ordiziako Gaztaren V. Kongresuak

0

Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak Gazta Kongresua antolatu du, bosgarren urtez jarraian. COVID-19aren pandemiaren ondorioz antolatzeko egon diren zailtasunak direla-eta, edizio hau egun erdikoa izango da, eta bi gai nagusi izango ditu: transhumantzia eta artzai gaztaren merkaturatzea.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari Jorge Garbisuk inauguratu du kongresua, Ordiziako alkate Adur Ezenarrorekin eta Gipuzkoako Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendari Xabier Urrutirekin batera, eta antolatzaileak zoriondu ditu, egungo ziurgabetasuna gorabehera topaketa hau egitearen alde egin dutelako, zeinarekin urtero lehen sektorea, artzaintza, landa ingurunea eta, hitz batean, Euskadiko elikaduraren balio katea ezagutzera ematen baita.

Kongresuan, salmentak digitalizatzeak eta produktuak kanal laburretan merkaturatzeko sistema dibertsifikatzeak nekazaritzako eta abeltzaintzako enpresa tradizionalei eskaintzen dien aukeraz hitz egin da.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela tokiko ekoizleentzako zirkuitu komertzialak balioesten, eta “Gobernu honen politika da Euskadiko lehen sektoreko kalitateko produktu gehiago merkaturatzea eta saltzea xede duten ekimenak sustatzea eta laguntzea, ahal diren kanal guztien bitartez, berdin zirkuitu laburreko kanalen bitartez zein banaketa handiko kanalen bitartez”, gaineratu du Garbisuk.

Eusko Jaurlaritza ari da jada zirkuitu laburren garapena sustatzen, hainbat tresnaren bitartez, hala nola LGPtik, NPB berriaren esparruan, eskainiko den laguntza finantzarioaren bitartez, lehen sektorean digitalizazioa eta IKTen erabilera bultzatuz, herrietako azoka tradizionalak balioan jarriz, eta HORECA kanaleko establezimenduetan produktuak saltzeko lankidetza hitzarmenak izenpetuz.

Gaur Ordizian egin den kongresuan transhumantziaz eta mendiko gaztaz ere hitz egin da. Horretarako, “Transhumantzia Aragoiko Pirinioetan, iragana, oraina eta etorkizuna” izeneko hitzaldia egon da, eta bertan kontatu dira transhumantzian ari diren artzainek urte osoan egunero dituzten bizipenak eta arazoak.