Eusko Jaurlaritzak austeritatea baztertu du Euskadiko ekonomia eta gizartea suspertzeko eta eraldatzeko aurrekontuak diseinatzeko orduan

0

Gobernu Kontseiluak aurrekontuaren gidalerroak onartu ditu gaur. Aurrekontu horiek, zalantzarik gabe, erronka handia dira Jaurlaritzarentzat; izan ere, XII. legegintzaldiko lehenak dira, eta Covid-19ak eragindako osasun krisiak eta haren ondorio ekonomikoek markatu dituzte. “Aurrekontu ausartak izango dira”, esan du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun Sailburuak, eta susperraldiaren eta eraldaketa ekonomiko eta sozialaren aurrekontuak izango direla azaldu du. Austeritatea erabat baztertzen dela ere azpimarratu du. “Aurrekontu hauek ez dute murrizketarik ekarriko politika publikoetan, gure bidea ez da austeritatea izango”, aurreratu du Sailburuak.

Euskadik inoiz ez bezalako egoera bizi du, eta egoera horrek osasun arloko erantzuna eta susperraldi ekonomikorako pizgarriak eskatzen ditu, pandemiaren aurretik herrialde gisa genituen erronkei ere aurre egin ahal izateko. Krisia, eraldaketa energetiko-ekologikoaren, eraldaketa digitalaren eta gure ongizate-estatuaren erresilientzia indartzeko beharraren erronkei aurre egiteko eta krisi orok sortzen dituen desberdintasunak arintzeko aukera gisa hartuko da. Gainera, osasunak eta hezkuntzak bultzada handia izango dute 2021eko aurrekontuetan.

Oraindik ez dakigu zer diru-sarrera izango dituen Jaurlaritzak Foru Aldundien ekarpenen bitartez, urriaren 15ean itxiko baitira, baina 2021erako defizitaren eta zorraren testuingurua itxita daukagu, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostutakoa, hain zuzen ere: %2,2ko defizita (1.600M/€) eta %16,9ko zor-muga. Horri esker, 12.440M/€-ra heldu ahal izango gara.

Era berean, Europak 2020ko eta 2021eko zerga-arauak ezabatu ditu, eta, beraz, egoerak okerrera egingo balu, posible izango litzateke erreferentzia-tasa horiek malgutzea.

Hori guztia, Next Generation EU Funtsaren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik ustez iritsiko diren diru-sarreren gehigarriak kontuan izan barik.

Eusko Jaurlaritzak ekonomia suspertzeari ekingo dio, eskarian izandako aldaketen eragina gehien jasan duten sektoreak bultzatzeko, enpresak sendotzeko, kulturaren ekoizpenerako eta Euskadiren nazioarteko proiekziorako jarduerei eutsiz, edo Covid-19aren ondorengo agertokira egokitutako finantza-politika berria indartuz. Hori guztia inbertsioetan ahalegin handia eginez. Ardatz horiez gain, aurrekontuek trantsizio digitalaren eta energetikoaren aldeko apustu garbia jasoko dute.

Europako Green Deal izenekoarekin bat etorriz, energia eta klima arloko trantsizioa zeharkako lehentasun nagusietako bat izango da, eta garapen ekonomiko jasangarria bultzatzeko aukera gisa helduko zaio. Erronka, Euskadi, energia berriztagarrien, eolikoaren, biomasaren, eguzki-energia fotovoltaikoaren, geotermikoaren eta itsasokoaren sorkuntzan erreferente industrial eta teknologiko bihurtzea da. Garraio garbia eta jasangarria, energia-eraginkortasunerako politikak, ekonomia zirkularra eta bioekonomia eta nekazaritza eta arrantza eredu jasangarriagoa bultzatuko dira. Hori guztia klima-aldaketaren aurkako borrokaren barruan.

Aurrekontuak, besteak beste, adimen artifizialean, big datan, gauzen Internetean, 5G teknologietan, sistema ziberfisikoetan eta zibersegurtasunean aurrera egiteko aukera-nitxo gisa planteatuko dira. 2021eko aurrekontuetan eraldaketa digitalaren aldeko apustu irmoa egingo denez, I+Gra bideratutako ahalegina %6 handituko da. Hezkuntza edo osasuna ere eraldaketa digitalarekin erlazionatuta daude. Digitalizazioaren izaera integral hori pandemia ondoren suspertzeko motorra da, eta, gainera, bat dator EBtik datozen planteamenduekin.

Ongizate inklusiboaren ikuspegitik, 2021eko aurrekontuek aukera-berdintasunari helduko diote, hezkuntza eta osasun zerbitzu publikoak era ekitatiboan eskuratu ahal izateko. Hori ezinbestekoa da gizarte-mugikortasuna bultzatzeko eta epe luzera lehen mailako errentaren banaketan dagoen aldea murrizteko. Gainera, desagerrarazi behar ditugun desberdintasun sozialak dakartzaten arrakalak arintzeko/ezabatzeko lanean jarraituko dugu: soldata, gizarte-maila, genero, belaunaldi, digital eta lurralde arloetako arrakalak.

Laneko egonkortasunari eta baldintzei dagokienez kalitatezko enpleguaren aldeko apustu sendoa ere egiten da, bizi-proiektu duinak gauzatu ahal izateko beharrezko premisa baita. Aurrekontuko programen lan-ildoen artean hauek ere azpimarratu behar dira: familiako eta laneko bizitza uztartzea, etengabeko kualifikazio profesionala bultzatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzen duten eta gazteen ibilbide profesionalak prekarizatzen ez dituzten soldata zuzenak bideratzea, eta eskaeran izandako aldaketen ondorioz lekualdatutako profesional askoren gaikuntzari ekitea.

Azkenik, gidalerroek gizarte-babeseko politikak jasotzen dituzte, zahartze, familia-zatiketa eta indibidualizazio prozesuekin eta immigrazioa handitzearekin erlazionatutako aldaketei erantzuteko.

Une honetatik aurrera, aurrekontua egiteko prozesua hasiko da, eta, aurten ere, aurretik, Ekonomia eta Ogasun Sailak genero-inpaktuari buruzko txostenak bidaltzeko eskatuko die gainerako sailei eta erakunde autonomoei. Datorren abenduaren 15ean Gobernu Kontseiluak aurrekontu proiektua onartuko du eta 18an Eusko Legebiltzarrean entregatuko da.

 

 

EUSKAL EKONOMIAREN BILAKAERA

Munduko gainerako herrialdeetan bezala, euskal ekonomian ere eragina izan dute COVID-19aren pandemiak eta horri eusteko martxan jarri diren neurriek. Esparru taula honetan jasotzen dira gidalerro horiek egiteko erabili diren aurreikuspenak.

 

  2019 2020 2021
PIB 2,2 -10,1 8,9
Azken kontsumoa 1,9 -7,9 7,4
    Etxeen kontsumoa 1,8 -10,8 8,9
    Administrazio publikoen kontsumoa 2,2 3,1 1,5
KEG 3,3 -11,7 9,3
Barne-eskaria 2,2 -8,8 7,7
Kanpoko eskariaren ekarpena 0,0 -0,8 0,7
BPG nominala 3,3 -10,1 10,1
BPG deflaktorea 1,1 0,0 1,1
Enplegua (lanpostuak) 1,5 -8,9 7,9
Lanean dauden pertsonak (PARA) 1,4 -3,2 1,7
Langabezia tasa 9,8 11,2 10,7

2021ean, langabezia tasa %10,7ra jaitsiko da ziurrenez, eta 15.100 lanpostu inguru sortuko dira. 2021erako aurreikusitako susperraldi handia aurtengo ezohiko jaitsieraren ondorio zuzena izango da. Hurrengo urterako aurreikusten den errebote-efektua, neurri handi batean, hasiera batean tipikoa zen urte bat (2021) egoera atipiko batekin (2020) alderatzearen emaitza da.

Hiruhilekoak igaro ahala, sektore handien jarduera suspertu egingo da. Bereziki nabarmena izango da industriaren suspertzea (%10,5), kanpoko merkatuen irekierak bultzatuta. Zerbitzuek hobera egingo dute, baina horien erritmoa ekonomia orokorrarena baino zertxobait txikiagoa izango da, turismoaren eta ostalaritzaren azpi-sektoreek oraindik zailtasunak izango dituztelako.