Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak aurten hogeita bost urte bete dituen Arabako hiriburuko Ertzain-etxeko instalazioak bisitatu ditu. Ertzaintzako mugapeko buruekin bilera egin aurretik, besteak beste, herritarrei arreta emateko gunea, salaketak hartzeko eta guardiako ikerketako gelak bisitatu dituzte.
Ertzain-etxeko Krisi Aretoan egin den bileran eman zaio lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari Ertzaintzaren Arabako Lurralde Historikoko eta, zehazki, mugapeko jardueraren eta hedapenaren berri.
Testuinguru horretan, Arabako ikerketako lurralde-buru Iñaki Arteagak Sexu-esplotaziora bideratutako giza salerosketaren Plana, Ertzaintza azken hiru urte hauetan lantzen ari dena, aurkeztu dio. Plana Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zen, eta giza salerosketaren biktimengana hurbiltzea, haien konfiantza lortzea eta delituari aurrea hartzea du helburu.
Gasteizko Ertzain-etxeko bisita amaitzean, lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak Forondako Atea kaleko eraikineko bosgarren solairua bisitatu du, bertan baitago Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza, eta bertako zuzendaria, Pedro Anitua, eta zuzendaritzako langileak agurtu ditu.