
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, Osasun Sailak proposatuta, 2019ko EiTB maratoia ekimen solidarioan lortutako 1.167.524,31 euroak erabiltzeko laguntzen deialdia. Laguntza horiek Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren, BIOEF, haur-minbiziaren ikerketa-proiektuetara zuzenduko dira.
Ikerketa-arlo tematiko hori indartzeko eta sendotzeko 2019an bildutako zenbatekoa hiru laguntza-modalitate finantzatzera bideratuko da: osasun-arloko ikerketa-proiektuak, haur-minbiziaren ikerketa laguntzeko plataforma, eta doktoretza ondoko ikertzaileentzako kontratuak.
Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak lehentasuna ematen diote ikerketa sustatzeari eta, horren bidez, jakintza areagotzeari, osasun-zientzia sustatzeari —izatez osasun-zientzia aurrerapen handiak ari da lortzen ikertzaileen ahaleginari eta talentuari esker—, eta Euskadin aberastasun eta garapen sozioekonomikoa sortzen laguntzeari. Hori guztia, 2020ko Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategiaren barruan.