Artolazabalek Goienagusi Debagoieneko adinekoen elkartearen ikasturtea irekitzeko ekitaldian parte hartu du

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, Goienagusi Debagoieneko Adinekoen elkarteak Bergarako mintegian antolatu duen ikasturtearen irekiera-ekitaldian parte hartu du. Ekitaldian, sailburuak gogorarazi du EAJren eta PSE-EEren arteko gobernu-akordioak ezartzen duen ardatzetako bat pertsona nagusiei buruzkoa dela. “Zahartze aktiboa sustatzea eta autonomia pertsonala bultzatzea izango ditugu helburu, bai eta adinekoen parte hartzea ere. Horrela, nagusiek erabateko bizitza-garapena izan ahalko dute”, esan du.

“Datozen lau urteotan, zahartze aktiborako beste euskal estrategia bat onetsiko dugu; hirugarren adinera igarobidea prestatzeko programa sustatuko dugu; hautatzen ez den bakardadearen aurka borrokatzeko erakundeen arteko plana jarriko dugu abian; 80 urtetik gorako pertsona guztiei betiON telelaguntzako zerbitzua eskainiko diegu, edo, esperientzia pilotu gisa, hiru lurraldeetan adinekoei arreta emateko bulegoak irekiko ditugu”, esan du.

Goienagusik erabaki du bere programazioarekin jarraitzea, nahiz eta osasun-neurriak bete behar dituen, eta pertsona guztiak animatu ditu “inoiz baino gehiago parte hartzera eta, hala, Goienagusiren helburuak betetzen laguntzera”.

“Goienagusin udazkenero ikasturte bat hasten duzue. Zuon bidean erronka eta ilusio berriak agertu ohi dira. Ikasteko gogoa, esperientzia berriak bizitzeko gogoa… Eta, aurten, nahiz eta osasun-neurri berri horiekin elkarrekin bizitzera behartuta egon, ez diezue sentsazio horiei uko egin”, esan du Artolazabalek. “Geuk ere beste bide bati ekingo diogu. Legegintzaldi konplikatuari, alegia, baina ilusio handiz ekingo diogu. Erronka ugari izango ditu legegintzaldi honek, baina baita aukera ugari ere. Lau urte hauetan pertsonak –pertsona guztiak– oinarri izango dituzten politiken aldeko apustua egiten jarraituko dugu”.