Osasun Sailak eta Osakidetzak Azkoitian eta Sansomendiko osasun eremuetan egingo dituzte baheketak

0

Osasun Sailak eta Osakidetzak iragarri dute baheketak egingo dituztela Euskadiko bi osasun guneetan: zehazki, Azkoitian eta Vitoria-Gasteizko Sansomendi auzoan. Hala azaldu du gaur prentsaurrekoan Ignacio Garitano Covid-aren Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzaileak. Garitanok gogorarazi du hautazko baheketa Bizi Berri II planean jaso den prebentzio-tresna dela.

Hala, Azkoitian, PCR probak gaurtik eta, behintzat, larunbatera arte egingo dira, udal-pilotalekuan. 17 eta 60 urte bitarteko herritarrei egiten zaie deia, eta aurretiaz hitzordua hartu behar da; horretarako, telefonoz deitu behar da osasun-zentrora (943 00 76 10) edo Osasun Kontseilura (900 20 30 50).

Sansomendiko auzokideek, bestalde, AUOko Kanpo Kontsulten eraikinaren beheko solairura joan behar dute PCRa egitera, bihartik -osteguna- aurrera, 15:30etatik aurrera. Aurretiaz hitzordua eskatu behar da eta, horretarako, osasun-zentrora deitu behar da edo Osasun Kontseiluaren zenbakira (900 20 30 50). Baina, bestela, zuzenean joan daiteke proba egitera.

Irailaren 28tik urriaren 4ra bitarteko astean, Euskadin 50.866 PCR proba egin dira, guztira, eta, haietatik, Covid-en 2.512 kasu positibo detektatu dira.

Lurraldeen arabera, Araban 397 kasu detektatu ziren, Bizkaian 1.101 eta Gipuzkoan 914. Horiez gainera, bizilekua Euskaditik kanpora duten beste 100 kasu ere egon dira.

Oro har, Euskadik aste horretan honako intzidentzia metatua izan zuen: azken 14 egunetan, 246,94 positibo 100.000 biztanleko. Aurreko astean, tasa honako hau izan zen: 279, 98.