Basauriko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zerbitzua indartuko dute Basauriko «ez jaietan», osasun-segurtasuna bermatzeko

0

Basauriko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Lankidetza Hitzarmena sinatu zuten bizi dugun egoerari erantzun bateratua emateko. Hitzarmen horren barruan, Koordinazio Operatiboko Mahaia eratu zuten, eta, duela bi aste, Mahai horren testuinguruan, ekintza-plan bateratua abiarazi zuten, bermatzeko San Migeleko jaiak ospatu behar ziren egunetan zehar osasun-arduradunek ezarritako prebentzio-neurriak beteko zirela. Bada, datozen bi asteburuetan ere (osasun-krisi betean egon ezean, sanfaustoak ospatuko genituzkeen asteburuetan, hain zuzen ere) martxan egongo da ekintza-plana.

Aipatutako planaren lehenengo ekintza izan zen udalerriko ostalariei berariaz jakinaraztea, besteak beste, oso garrantzitsua eta nahitaezkoa zela ostalaritza-establezimenduetarako aurreikusitako osasun-neurriak betetzea eta betearaztea. Horren harira, bai Udaltzaingoak, bai Ertzaintzak, beren laguntza eskaini zieten, murrizketak betearazteak ekar ditzakeen gorabeherak ekiditeko. «Ez jaietarako» operatibo berezia izan zen hurrengo urratsa, non polizia-erakunde biek zereginak banatu zituzten, San Migelen batera jarduteko. Prebentzio-operatiboa oso eraginkorra izan zen, eta, beraz, datorren asteburutik aurrera, errepikatu egingo dute. Normaltasuna izan zen nagusi «ez jaietan» (ez zen istilu garrantzitsurik egon). Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zerbitzua indartu zuten data horietan zehar.

Orain, safaustoetako «ez jaietara» begira, arau-hausteak eman daitezkeen balizko puntuak identifikatu dituzte (gazteak kalean edaten, helduak aisialdi-guneetan). Helburua da horietara hurbiltzea eta ekiditea jende-pilaketengatiko urratzeak gerta daitezela. Beraz, Basauriko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza areagotuko dute, bai ibilgailuekin, bai oinezko patruilekin. Eta zaintza-puntuak ezarriko dituzte, arreta berezia jarriz osasunaren alorreko arau-hausteak gerta daitezkeen eremuetan: oinezkoen guneak, aisialdirako esparruak, plazak, parkeak eta abar. Herrira beste garraiobide batzuetan eta oinez datozenen artean ere kontrolak egingo dituzte. Helburua da ekiditea adin txikikoek alkohola edatea, maskara ez erabiltzea, segurtasun-tartea ez zaintzea eta osasun-arduradunek COVID-19ari aurre egiteko segurtasun- eta osasun-neurri prebentiboak urratzen duen beste edozein portaera.

«San Migelen, herritarren portaera eredugarria izan zen. Espero dugu Basaurin ere lasaitasuna gailentzea eta arau-hausterik ez gertatzea. Horretarako, jendeari eskatzen diogu datozen egunotan arduraz joka dezala (indibidualki zein kolektiboki) eta osasun-neurriak bete ditzala», azpimarratu dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak.