Konfinamenduan zehar gizarte-erakundeek eta -entitateek elkarrekin egindako lanaren garrantzia azpimarratu du Artolazabalek

0

Konfinamenduan zehar eta ondorengo hilabeteetan sortutako edo azaleratutako premiei aurre egiteko, Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektoreko erakundeek eta entitateek elkarrekin egindako lanaren garrantzia azpimarratu du, gaur, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek. “Izenak eta abizenak dituzten, eta pandemiaren ondorioz zapuztu behar ez dituzten bizitza-proiektuak eta etorkizunari begira gogoak erakutsi dituzten pertsonengana heldu ahal izan gara.”

Sailburuak adierazi duenez, «egoera ezezagun batetik lan egiteko modu berriak sortu ziren». “Erakundeen artean jarduteko metodoak, eta premiak hautemateko eta hauek arintzen saiatzeko tresnak abian jartzeko gizarte-ekimena”. “Geratzeko iritsi diren ikaskuntzak dira”, Artolazabalen ustez.

Arabako Gizarte Langintzaren Elkargo Ofizialak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateak antolatutako Gizarte Langintzaren XIII. Jardunaldiko ‘Gizarte Langintza krisi anitzeko garaietan’, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak abian jarritako hainbat ekintza gogoratu ditu.

“Koronabirusak Araban lehen ikastetxeak ixtea eragin zuenean, kontziliaziorako laguntzetara jo genuen, haiek indartuz eta malgutuz. Lehen astetik hasita. Konfinatu gintuztenean, funtsezkoa iruditzen zitzaigun Guztion Artean izeneko elkartasun-sare antolatu bat aktibatu genuen. Herritarren elkartasunak egin zuen gainerakoa. Aldi berean, Gizarte Larrialdiko Laguntzak handitu genituen oinarrizko gizarte-zerbitzuak hauspotzeko eta premia-egoera larrienei erantzuteko. Era berean, normalean eskaintzen ditugun baina une horietan behar handiagoa izango zutela uste genuen zerbitzu batzuk ziurtatu genituen, telefono bidez eta modu digitalean: emakume biktimen arretarako telefonoa, betiON telelaguntzako zerbitzua edo Zeuk Esan izeneko haurren eta nerabeen arretarako zerbitzua, adibidez”, aipatu du Artolazabalek.

Hamar milioi euro esleitu zaizkion Inor Atzean Utzi Gabe funtsa ere aipatu du. Horren bidez hamar programa antolatu dira 10.000 errealitate pertsonal baino gehiagotara iristeko asmoz. Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko bazterketaren aurkako batzordearen eskutik sortutako programak dira eta Sareen Sarean bildutako Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen babesa dute.

Adibidez, programa hauek:

  • Aukerak suspertzen-Recuperando Oportunidades: Ikasgelatik kanpo komunitatearen hezkuntza-indargarriaren bidez familia zaurgarrienen gerorako aukeretan krisi honen inpaktua murriztea bilatzen du.
  • Betirako: konfinamenduan zehar senitartekoren bat galdu duten pertsonei doluan laguntzeko zerbitzu profesionala.
  • Adi: konfinamendu- eta alarma-egoeraren ondorioz euren egonezin emozionala areagotu zaien pertsonei babes psikologikoa emateko beharrei erantzuna.
  • Azken Sarea Indartzen: Gizarte Larrialdiko Laguntzak eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskuratu ezin duten baliabiderik gabeko pertsonen eta familien oinarrizko premiei babesa emateko azken sarea.
  • Lehen Urratsa: konfinamenduan zehar aterpetxetan hartu zituzten etxerik gabeko pertsonen gizarte-laguntzako eta bizitokiko baliabideetatik ibilbideak abian jartzea.
  • Erdu: adikziotan hurbileko esku-hartze programa

Gaineratu duenez, “ezusteko eta premiazko beharrei berehalako erantzunak ematen dizkieten programak dira”. Baina “okerren pasatzen ari diren pertsonek aukerak izateko erronka garrantzitsuak edukitzen jarraitzen dugu”. “Krisi berri honen ondorioei aurre egin behar dietenean, zailtasun handienak dituzten pertsonek aurkitzen dituzten zailtasunekin, aurreko krisitik ateratzen hasita zeuden pertsonek bizi duten egoerarekin bereziki adi egon behar dugula» azpimarratu du, «lehendik datorren arazoa delako».

Jardunaldian ere parte hartu dute Arabako Gizarte Politiketako foru diputatu Emilio Solak, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreorde Ivan Igartuak, besteak beste.