Sprilur-ek 25 urte bete ditu

0

Sprilur, S.A. EAEko enpresa-guneen kudeaketa eta sustapenerako sozietate publiko bat da, Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena Sailari atxikia eta SPRI Taldean integratua. Sprilur-ek 25 urte bete ditu emaitza historikoekin, 1.064 milioi eurotik gorako inbertsioa egin baitu azpiegitura industrialetan, proiektuetan eta interes estrategikoko ekimenetan. Emaitzak are nabarmenagoak dira, Sprilur-ek garatutako enpresa-guneen kudeaketa zuzenaz gain, orobat kontuan hartzen badugu Industrialdeak Sozietate Sarearen 38 urteko jarduera. Sprilur-ek, Foru Aldundiek eta Udalek partaidetutako 12 sozietate horiek eskualde mailako hurbileko polo gisa jarduten dute.

Sprilur Taldeak 120tik gora enpresa-gune kudeatu ditu: lurzoru industrialak (10,5 milioi metro koadroko azalera gordina), lurzoru industrial urbanizatuko lursailak (1,45 milioi metro koadro) eta pabilioi eta bulegoak (1,12 milioi metro koadro).

Gaur egun, 27.211 enplegu zuzen eskaintzen dituzten 2.163 enpresa daude kokatuta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 122 enpresa-guneetan.

Eraikin jasangarriak

Sprilur Taldearen proiektuen kudeaketara eta obren exekuziora bideratutako jarduera guztiek konpromiso sendoa dute garapen jasangarriarekin, eta arlo horretako neurriak aplikatzen dituzte. Jarduera horiek osoki errespetatzen dituzte Ingurumenarekin Jasangarriak diren Urbanizazio eta Eraikuntza Gidak, zeintzuek beren baitan biltzen dituzten garapen-prozesu integraleko jardunbide egokienak, hasi analisi fasetik eta aurreikusitako proiektuen ebaluazio eta exekuziotik, eta bukatutako enpresa-guneen bizi-zikloaren hobekuntzaraino eta mantenimenduraino.

Neurri jasangarri horiek arlo hauetako jardunbide egokietan oinarritzen dira: Ingurumenaren Babesa, Energia Eraginkortasuna, Hiri Birsorkuntza, Eraikinen Zaharberrikuntza, Lurzoruen Berroneratzea eta Espazio Naturalak Berreskuratzea.

Hona hemen neurri horien hainbat adibide: instalazio fotovoltaikoak egin dira pabilioi industrialen teilatuetan eta energia berriztagarria eraman da argindar sare orokorrera; landaredia eta ingurumena berreskuratu da milioi 1 metro koadroko azaleran; 925.000 metro kubiko lur erabili dira Abiadura Handiko Trenaren Euskal Sarearen (AHT) betelanetarako; 12.000 tona material kutsagarri deskontaminatu eta erauzi dira (metal astunak, sulfatoak, zinka, artsenikoa…), eraikin industrialak birgaitu dira nanoteknologia erabiliz (Azucarera, Sidenor-Legazpi, Gueñes, Urduliz, Bilbo…), geotermia bidezko girotze- eta klimatizazio-proiektuak egin dira, diseinu lineal urbanoak garatu eta integratu dira (Heliportuen larrialdi- eta zerbitzu-plana industrialdeetarako), CO2 atzematen duen zoladura instalatu da, material birziklatuak eta led argiak erabili dira, bertako fauna eta flora berreskuratu da (haritzak, gaztainondoak, arrainak, igelak…).

Egungo proiektuak

Sprilur taldeak proiektu hauek dauzka eskuartean:

  • Axpeko mendi-hegala egonkortzea Erandion. Mendi-hegalari eusteko egituraren aingurak jarri behar dira (3,3 milioi euro inguruko inbertsioa).
  • Bellota ingurua birgaitzea Legazpin. Sidenor altzairu-lantegi zaharra berroneratzea. Urbanizazio Plan Berezia eta Proiektua tramite-fasean daude; espero da lanak urtearen amaieran hasi eta 2023an bukatuko direla. Aurreikusitako inbertsioa 14,8 milioi eurokoa da.
  • Eskusaitzeta, Gipuzkoako industrialde handiena (1.000.000 m2), urbanizatzeko lanak, Donostiako Udalarekin lankidetzan. Aurreikuspenen arabera, urtearen azken hiruhilekoan hasiko da lursail industrialen urbanizazioa.
  • Apattaerreka (Tailsa) industrialdearen 2. zabalkuntza Tolosa-Ibarran. Ibarbidea bete behar da industrialdea handitzeko hirigintza-plangintzari ekiteko. Uste da urbanizazio-proiektua 2022an hasiko dela, eta 7,65 milioi euroko inbertsioa suposatuko du.
  • Kanpandegiko Industrialde proiektu berria (Urolako Industrialdea). 43.587 m2ko eremu industriala garatuko da, zehazki, 12.000 m2ko lursail industrial urbanizatuak eta 19.500 m2ko azalera eraikigarria, bi altueratan. Lanak hasita daude dagoeneko, espero da 2021eko martxoan bukatuko direla, eta inbertsioa 3,1 milioi eurokoa da.

Sprilur-ek 2020an bukatu du sei pabilioi industrial berriren eraikuntza Ortuellako Ballonti industrialdean (1,8 milioi euroko inbertsioa egin da). Horrez gain, geotermia bidezko klimatizazio-sistema berri bat instalatu du Azucarera Eraikinean (Gasteiz). Proiektu horri esker, han instalatutako 15 enpresek behar duten energiaren % 30 hornituko da geotermia bidez. Bestalde, bukatu du Urdulizko Torre Eraikinaren (14 solairu eta 7.418 m2ko lokalak eta bulegoak) birgaitze-proiektua, bertan kokatu delarik digitalizazioari eta garapenari buruzko prestakuntza-zentroa (Telefónica).

Era berean, proiektu berriak ere abiaraziko dira, hala nola: BIM teknologiarekin diseinatutako -Ibaia- eraikin berria Zamudion (Ibaizabal Behekaldeko Industrialdea), zeinetan nabe industrialak atonduko baitira 2.598 m2ko azaleran; Arteako pabilioien zabalkuntza-proiektua (Arratiako Industrialdea); pabilioi berriak Errotaberri-Zarautzen (Beterri Kostako Industrialdea); bi eraikin berri Irunen; eta lurzoru industriala berreskuratu eta berrurbanizatzeko proiektuak Bizkaian eta Gipuzkoan.

Etorkizunari begira, Sprilur-ek aurrera jarraituko du azpiegitura industrial jasangarri eta lehiakorretan inbertitzen, erabiltzen ez diren gune industrialen berreskurapena sustatzen eta lehentasunezko intereseko eremuak suspertzen. Gainera, lankidetza estuan jarraituko du “Invest in the Basque Country” (SPRI Taldea) atalarekin atzerriko inbertsioa eta proiektu estrategikoak erakartzeko, eta bide horretatik, hazkunde ekonomikoa bultzatu eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko.

Bilakaera estrategikoa

Duela 4 urte, Sprilur-ek bere jarduerari buruzko gogoeta sakon bat hasi zuen, eta gogoeta hartatik eratorri zen 2017-2022 Plan Estrategikoa, zeinaren bidez bere xede soziala egokitu zuen bere jardueren artean sartzeko erabiltzen ez diren aktibo industrialen leheneratzea eta birgaikuntza. Gaur egun, Sprilur-ek 9 helburu estrategiko eta 24 jarduera-ildo ditu.

Sozietatea finantza-kudeaketan, kapitalizazioan eta zorpetzearen murrizketan oinarritutako prozesu batean murgildu zen. Bestalde, Kudeaketa Aurreratuko MGA eredua ezartzen hasi zen, eta Brontzezko A aitortza eskuratu zuen 2019an.

Azken bi urteetan Renove Industrialdeak Plana sortu da, EAEko enpresa-guneen eta industrialdeen sare berritu baten beharrak bultzatuta, sare horren bidez gune horietan instalatutako enpresa-ehunaren lehiakortasuna hobetzeko. Guztira 5,6 milioi euro esleitu dira industrialdeetako azpiegitura eta zerbitzuak leheneratu eta hobetzeko.

Sprilur-ek azpiegitura industrialen merkatua zaintzeko eta balizko inbertsioak planifikatzeko politika bat sistematizatu du, horrela aurrea hartzeko euskal enpresen balizko eskaerari eta espazio-premien joerei. Bestalde, jadanik abian da Sprilur Taldearen Garapen Jasangarriko Helburuen Plana, zeinaren asmoa baita Garapen Jasangarrirako Euskadiko Agenda 2030 planarekin lerrokatutako helburuak lortzen laguntzea.

25 urteko historia

25 urteko ibilbidearen analisiak Sozietatea eratu zen urtean kokatzen gaitu, 1995ean. Orduantxe sortu zen Sprilur, elkarrekin fusionatu zirenean SPRIko Lursail eta Eraikuntza Saila eta Progesinsa (Eusko Jaurlaritzako Lurzoruaren Kudeaketako Sozietatea). Halaxe jarri zen martxan, zuzeneko kudeaketako 9 enpresa-gunerekin, erakunde arteko partaidetzadun 36 sozietaterekin (Industrialdeak programa) eta Foru Aldundien eta Udalen lankidetzarekin.

Hona hemen Sprilur-en jarduerako hainbat alderdi azpimarragarri:

1995-2004

Jarduera hasi eta lehen bost urteetan, Sprilur-ek azpiegituren kudeaketa eta sustapenari buruzko bere ezagutza eta esperientzia baliatu zituen Herrialde Proiektu Estrategikoei laguntzeko (esaterako, Mercedes Benz España Gasteizen, Daewoo España Gasteizen, Engine Power Components Eibarren, Ebaki XXI Muxikan, Garabilla Mundakan…).

  1. urterako, enpresa-guneak handitzeko 58 ekintza zeuden martxan EAEn. Eusko Jaurlaritzak diseinatutako Politika Industrialeko Planak bultzatzeko xedez, Sprilur Kaltetutako Eremuen Suspertze prozesuetan parte hartzen hasi zen. Euskadi 2003 Planak suspertze arloko lehentasunezko bere helburuen artean sartu zituen Nerbioiren Ibar Ezkerreko lau proiektu (Barakaldo, Erandio, Portugalete eta Ortuella) eta Pasaiako Badiako beste zazpi (Errenteria, Oiartzun, Pasaia eta Irun).

Esperientzia aitzindari gisa, aipatzekoa da Suspertze Plan horretako ekintza baten barruan Estatuko lehen esku-hartze publikoa egin zela, Nerbioiko Metalquímica lantegi zaharra (gaur egun Erandioko Axpe industrialdea den horretan) deskontaminatzeko eta ingurumenaren ikuspegitik leheneratzeko.  Sprilur-ek 12.000 tona material kutsakor eta metal astun erauzi zituen eta 57.676 m2ko azalera leheneratu eta birgaitu zen, hau da, erabilpen enpresarial-industrialera bideratutakoa baino gehiago. Ekintza hura esku-hartze publiko garrantzitsua izan zen, eta inbertsio ekonomiko handia suposatu zuen, ingurumena leheneratzeko konpromiso argi batekin. Era berean, 2000. urtean bukatu ziren Gasteizko Azucarera Eraikina (1904-2000) berritzeko lanak. Euskadiko Ondare Industrial eta Kulturalaren ikur izaki, gaur egun bulego-eraikin bat da eta ekitaldi publiko-pribatuak ostatatzen ditu.

2005-2014

2005ean, Sprilur-en 10. urteurrenean, sozietateak jarduera ekonomikoetarako lurzoruen kudeaketaren uneko egoera eta bilakaerari buruzko ezagutzak aztertu eta partekatu zituen Europa osoko eragileekin, Bilbon antolatutako hainbat nazioarteko topaketatan (Proinland eta Mitke). 2007tik aurrera, Euskadiko Berrikuntzaren Urtearen ospakizunekin batera, Sprilur Taldeak akordio bat sinatu zuen EEErekin, eguzki-panelen bidez energia berriztagarria ezartzeko bere industrialdeetan. AEPIen Kudeaketa Jasangarriko Eredu berri bat sortu zen, gelditzeko etorri zena; hala, instalazio fotovoltaikoen inbertsioa handitzen joan zen, 2,6 milioi euro gastatu zirelarik ingurumen arloko neurrietan 2002 eta 2009 artean.

Sprilur-ek eta Ihobe-k elkarrekin prestatu zuten Eraikuntza Jasangarriaren Euskadiko Gidaliburua, zeinak garapen jasangarriko neurrien analisi eta kudeaketarako sistema bat ezarri baitzuen eraikinen eraikuntza- eta zaharberritze-lanetarako.

2010etik aurrera, “Industrialdeak” sozietateak berrantolatzeko plan bat abiarazi zen, Taldeak kudeatutako 100 bat enpresa-guneren baliabideak eta kudeaketa optimizatzeko. Hurrengo bizpahiru urteetan “Industrialdeak” sozietateak fusionatu eta eskualde mailara murriztu ziren, Eusko Jaurlaritzak (Sprilur), Foru Aldundiek eta Udalek partaidetutako gaur egungo 12 sozietateak biltzeraino.

Sprilur-ek askotan parte hartzen eta kolaboratzen du maila lokaleko eta Estatu mailako erakundeekin interes komuneko proiektuetan, eta Zuzendaritza Batzorde hauetako kide da: Eraikune (Eraikuntzaren euskal klusterra), Elige sarea (Interes Orokorreko Tokiko Enpresak) eta Cepe (Industrialdeen Espainiako Koordinakundea).

2011tik aurrera, lurzoruaren inguruko plan eta funts estrategiko berriak (FES) jarri ziren martxan intereseko ekintzak berraktibatzeko eta inbertsioak erakartzeko. Proiektu estrategiko horien artean, Sprilur-ek akordioak lortu zituen Winoa Ibérica granaila lantegia (lehen Fabio Murga zena) lekualdatzeko eta Balmasedara ekartzeko.

Urte haietan, jarduera ekonomikoko guneen birgaitzea errealitate bat eta ohiko praktika bat izan zen Sozietateak aurreikusitako azpiegiturak garatzeko inbertsioetan eta proiektuetan. Sprilur-ek Gueñeseko Arangoiti industrialdearen birgaitze-lanak hasi zituen (Reckitt Benckiser lantegia zena). Aldi berean, ingurumen-hobekuntza kudeatzeko Ekoscan ziurtagiria eta ISO-9001 kalitate-ziurtagiria lortu zituen bere jardunbide egokiengatik, eta 2014an bat egin zuen Europako Eko-kudeaketa eta Eko-auditoretza Programarekin (EMAS), ziurtagiri hori ere lortu zuelarik ingurumenarekin eta garapen jasangarriarekin lotutako bere politika eta ekintzengatik. Etengabeko hobekuntzaren eta jasangarritasunaren aldeko konpromisoa hartu du ziurtagiri hori berritu ahal izateko.

2015-2020

2015ean, Urbanizazio eta Eraikuntza Gidaliburu Jasangarriak aplikatzeaz gain, Sprilur-ek DURBE bereizgarria ezarri zuen, urbanizazio- eta berrurbanizazio-proiektuen jasangarritasuna ofizialki ziurtatzen duen ingurumen arloko bereizgarria. 2016an, kudeaketa integraleko eta gobernantzako G2 eredu berria ezarri zen prozesuan inplikatutako eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan, zeina enpresa-guneak kudeatzeko ekimen gisa sortu baitzen.

2016an, Sprilur-ek Windbox instalatzen lagundu zuen. Windbox entseguetarako lehenengo banku eolikoa da, Euskadiko Fabrikazio Aurreratuko Estrategiaren barruan kokatua eta sektoreko euskal enpresei zuzendua, sistema berritzaile bat probatu eta entseatu dezaten euren offshore aerosorgailuetan.

2017an, Sprilur-ek bere jarduerari buruzko gogoeta sakon bat hasi zuen, eta hartatik eratorri zen 2017-2022 Plan Estrategikoa, bere xede soziala egokitu zuena bere baitan hartzeko erabiltzen ez diren aktibo industrialen leheneratzera eta birgaitzera zuzendutako jarduerak. Sprilur-ek 9 helburu estrategiko eta 24 jarduera-ildo ezarri zituen. Winoa Ibérica lantegia Balmasedan kokatzeko lanak amaitu zituen, Larramendi-Bergarako pabilioiak eraikitzen hasi zen, eta Sidenor lantegi zaharraren birgaitze-proiektuari ekin zion Legazpin eta Elgetan.

2018an, Sprilur Taldea Eusko Jaurlaritzako Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdeari atxiki zitzaion, eta Kudeaketa Aurreratuko eredua ezarri zuen bere antolakuntzan eta egituran, Euskalit-en Brontzezko A aitortza lortu zuelarik 2019an. Azken bi urteotan bere inbertsio ahalegina bikoiztu du eta, beraz, hainbat birgaitze- eta leheneratze-proiektu jarri ditu martxan (Sidenor-Legazpi, Urduliz, Erandio, Mungia, Zarautz…). Sprilur-ek hitzarmen bat sinatu zuen Donostiako Udalarekin, %50ean garatzeko Gipuzkoako industrialderik handiena (Eskusaitzeta, Donostia). Tamaina handiko proiektu bat da, milioi bat metro koadrokoa, eta horietatik 328.100 m2 erabilpen industrial eta tertziariokoak izango dira; bere helburua izango da enpresa ekimenak erakartzea eta Gipuzkoako ekonomia bultzatzea.

2018an, Renove Industrialdeak Plana estreinatu zen. Ekonomi Garapen Sailak jarri zuen martxan industrialdeetako obsoleszentzia baldintzak hobetzeko eta euskal enpresen lehiakortasuna handitzeko (5,6 milioi euroko inbertsioarekin). Bestalde, alarma sanitarioa dela eta, Eusko Jaurlaritzak, Sprilur-en bitartez, lokalen alokairuak atzeratu dizkie indarreko kontratuak dituzten enpresa eta bezeroei; hala, guztira 161 eskaera kudeatu dira eta 3,42 milioi euroren atzerapena onartu da.