«Amerikara eta…» liburuak zehatz-mehatz dokumentatzen du mugimendu gehien izan zuen euskal eskualdearen migrazio-historia

0

Esther Kortak hainbat urte eman ditu Natxitua, Ea eta Bedaronako (Lea Artibaiko eskualdea, Bizkaia) etorkinen datuak biltzen, etxez etxe.

William S. Douglassen hitzetan (eta gizon hau ez da edonor, zeren berak sortu baitzuen Jon Bilbaorekin batera euskal diasporari buruzko ikerketa), herri gutxik izan dezakete Estherrena bezalako liburu bat, Douglassentzat «benetako harribitxia» dena.

Eta, halaxe da bai: Euskadiko toki gutxitan utzi du emigrazioak eskualde horretan bezain arrasto sakona, eta, era berean, oso egile gutxik egin dute hain ikerketa sakona, eskualdeko etorkin horietako bakoitzaren bizi-ibilbideari buruzkoa, zeinak azaleratzen baititu oso datu baliotsuak, gero, horietan oinarrituta, akademikoek, besteak beste, etorkin horien itzulerak ekonomian eta kulturan izan duen eraginari buruz espekulatzeko aukera izan dezaten. Eta eragina ez Lea Artibaiko eskualdean bakarrik, baizik eta Euskadi osoan.

«Amerikara eta…» oinarrizko liburua da euskal diasporaren barne-barneko historian murgiltzeko. Izan ere, azkenean, euskaldun adina euskaldun emigratu dago. Eta Esther Kortak ez du soilik dokumentatzen, datu eta argazki ugarirekin, herri horietako hainbat belaunalditako emigrante bakoitzak bizi izan duen historia, baizik eta aurreratzen du emigrazio horrek haiengan eta Euskal Herri osoan izan duen eragina ere.

Esther Kortak hartu eta egin du lan itzel hau istorio bat kontatzeko zuelako, eta familiari eta bere bizitzako lekuari maitasun keinua egin nahi zielako. Izan ere, emigrante familia batetik dator bera ere, bere eskualdeko beste asko bezala. Estherren sendian birraitona eta aitona Ameriketara joan ziren eta aita, Pedro Korta, Australiara joan zen bere anaiarekin.

Hortik dator ba liburuaren izena “Ameriketara eta…” Zeren, berak esan zuenez batean «Munduko zein tokitara ez da emigratu Eako jendea?». Estatu Batuetara, Australiara, Zeelanda Berrira, Filipinetara, Ekuatore Gineara… emigranteen istorioen emari oparo baten aurrean gaude beraz.