Aurten, Osakidetzak gripearen aurkako txertoa jartzeko hitzordua emango du

0

Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak, gaur, Bilbon, 2020/2021 gripearen aurkako txertaketa-kanpaina aurkeztu du: «Aurten, inoiz baino gehiago, gripetik aldendu!”. Kanpaina urriaren 13an hasiko da, asteartean. COVID19-aren ondorioz, segurtasun-neurri zorrotzagoak hartu dira eta, hori dela eta, aurten Osakidetzak berak emango dizkie hitzorduak arrisku handiko herritarrei. Gainera, aurtengo nobedadea da Osakidetzako saretik kanpoko ehun bat txertaketa-gune ezarri direla.

Sailburuak, Ana Bustindui Osasun-laguntzako zuzendariordearekin eta Enrique Peiró Pazientearen Segurtasunerako programen koordinatzailearekin batera, gaur eguerdian, Osasun Sailak Bilbon duen egoitzan emandako prentsaurrean, honako hau esan du: “txertoa, gaur egun, prebentzio-neurririk onena da”.

XEDE-POPULAZIOA

Txertoa, nagusiki, 65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie, haiek jotzen baitira arrisku-taldetzat. Kanpainaren helburua da arrisku-talde horietako pertsona bakoitzaren osasuna babestea, bai eta osasun kolektiboa ere.

SEGURTASUNA BABESTEA

Aurten, koronabirusaren ondorioz,  profesionalen eta oro har herritarren segurtasuna babestea da xedea. Hori dela eta, txertaketa-denboraldia hiru bloketan antolatu da: lehen fasean, egoitzetako pertsonei eta pertsonal sanitarioari eman zaie txertoa, talde hauen kutsatzea ahalik eta gehien saihesteko; bigarren fasean, Osakidetzak emandako hitzorduen bidez, arrisku-taldeetako pertsonen txertaketa bermatuko da, eta, urriaren 31tik aurrera, txertoa hartu duten gainerako herritarrek hitzordua eskatu ahalko dute dagokien osasun-zentroan eta txertoa jasoko dute data horretatik aurrera. Hori horrela, Sailburuak herritarren elkarlana eskatu du Osakidetzako oharrei jarraitzeko; izan ere, nahikoa denbora dago datozen asteotan txertoa jartzeko.

Era berean, Osakidetzak txertoa jartzeko leku bereziak antolatzea erabaki du. Guztira 300 gune daude, eta, aurten, nobedadea da gune horietako herena Osakidetzako saretik kanpoko lekuetan gaitu direla. Txertaketa-guneen zerrenda erantsi da.

EROSI DIREN DOSIAK

Osakidetzak 2 milioi euro inbertitu ditu 558.000 dosi eskuragarri izateko, iaz jarri ziren txertoen heren bat gehiago (416.000). Bi txerto-mota erosi dira, eta, horretarako, Osasunaren Mundu Erakundeak ipar-hemisferiorako ematen dituen gomendioak hartu dira aintzat:

  • Azaleko antigeno inaktibatuaren gripearen aurkako txertoa (Chiroflu®), 6 hiletik aurrerako herritarrentzat.
  • Azaleko antigeno inaktibatuen gripearen aurkako txertoa, MF59C.1 lagungarriduna. 65 urteko edo gehiagoko pertsona instituzionalizatuei zuzentzen zaie (Chiromas®).

2019/2020KO TXERTAKETA-KANPAINAREN DATUAK

Nahiz eta gripea, hasiera batean behintzat, gaixotasun onbera izan, arrisku-talde batzuetan konplikazioak eragin ditzake. Aurreko denboraldian, gripearen intzidentzia altuena 65 urtetik gorako taldean izan zen. Iaz, 1.304 ospitalizazio erregistratu ziren gripe egiaztatuarekin; haietatik, 333 kasu larriak izan ziren, eta 45 hildako egon ziren gaixotasun horren ondorioz. Aurreko kanpainako txertaketa-tasa honako hau da:

Arrisku-taldea Estaldura
65 urteko edo gehiagoko pertsonak % 58,8
Pertsona instituzionalizatuak % 95,5
Haurdun dauden emakumeak % 44,3
Osakidetzako profesionalak % 37,4

 

BABESTU ZAITEZ!

Gogorarazi behar da, koronabirusaren kasuan bezala, gripearen aurkako kanpaina aukera bat dela prebentzioko eta higieneko oinarrizko ohiturak hartzeak duen garrantziaz kontzientziatzen jarraitzeko. Ohitura horietako batzuk, besteak beste, honako hauek dira: eskuak sarri garbitzea, maskara erabiltzea eta urruntze soziala gordetzea.

 

Bilbo, 2020ko urriaren 9a