Euskara eta Feminismoa bidelagun jardunaldia azaroko astearteetan online

0

Hizkuntzaren eta generoaren arteko gurutzaketaz hausnartzeko, lau mahai-inguru antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, Emakundek, eta Hizkuntza eta Generoa batzordeak elkarlanean. Azaroko astearteetan izango dira guztiak goizeko 10:00etan eta online.

Gaur goizean Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, egindako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek eta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari Izaskun Landaidak.

Asko dira euskararen eta feminismoaren jiran azken urteotan egin diren gogoeta, ekarpen zein esperientzia interesgarriak, bereziki nabarmentzekoak dira euskalgintzatik zein mugimendu feministatik sortutakoak; esaterako, ate joka dugun Euskaraldia bezalako esperientziak, edota gurutzaketa honen baitan Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen haritik sortu diren eztabaidak. Horiek guztiak mahai gainean jarri, eta partekatzea da jardunaldi honen asmoa. Topagune bat ere izan nahi du hitzorduak, horrela, norbanako eta eragile desberdinak harremanetan jarri, eta elkarrekin bidea egiten jarraitzeko.

2019an sortutako Euskara eta Generoa batzordea izan da jardunaldiaren zertzelada nagusiak definitu dituena. Horri esker, euskaran zein feminismoan aditu eta aritu diren parte-hartzaileen eskutik gurutzaketa horren inguruko ideia eta ekarpen interesgarriak jaso ahal izango dira azaroko lau astearteetan. Mahai-inguru bakoitza goizeko 10:00etan izango da, ordu eta erdi iraungo du, eta ondoren gogoetarekin jarraitzeko aukera eskainiko da (hori ere online). Gaurtik aurrera mahai-inguru bakoitzean zein guztietan izena emateko aukera egongo da lotura honetan: euskaraetafeminismoa.eus