Eusko Labelekin egindako produktu berri bat merkaturatu da: Euskal Ogia

0

Gaur Euskal Ogia aurkeztu da Donostian, Arabako gariarekin egin eta Eusko Label-ekin ziurtatutako ogia. Produktu berria ama orearekin eta hartzidura luzearekin ekoizten da, gehigarririk gabe, eta ogiaren garapenaren ziklo naturala errespetatuz. Eusko Labelez edo kalitatearen bereizgarri horren peko produkturen batez egindako produktu guztiak bezala, hasieratik amaierara kontrolatzen da, izan ere, HAZI erakundeak ezartzen ditu beharrezkotzat jotzen diren kontrol eta ziurtapen sistemak produktuaren prozesu katean, hau da, ekoizpenean, kontserbazioan eta biltegiratzean, garraioan, ontziratzean, manipulazioan eta komertzializazioan, Eusko Label bereizgarriaren sinboloez identifikatuta iristen den produktuak markaren erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak bete ditzan.

Eusko Label duten Arabako zerealen araudiak gari bigun, gari gogor, espelta, garagar, olo, zekale eta beste zereal batzuen garauak babesten dituen arren, zeinen produkzioa giza kontsumorako transformaziora zuzentzen baita, Euskal Ogia egiteko erabiltzen ari den zereala garia da.

Garia da Arabako labore maioritarioa. Urtero, lurraldeak nekazaritzarako dituen 83.000 hektareetatik 24.000-25.000 hektarea lantzen dira, hau da, nekazaritzako azaleraren ia %30. Halere, orain arte, gari horren helmuga ez da ogitarako transformatzea, izan ere, gaur egun erabiltzen diren barietateek eta Lurralde Historikoko zati handi baten ezaugarri agroklimatikoek galarazi (mugatu) egiten zuten ogia egiteko erabiltzea. Horrenbestez, garia animalientzako pentsutara edo gailetak bezalako beste produktu batzuk egitera zuzendu ohi da.

Hain zuzen ere, proiektuaren helburuetako bat da Arabako Zerealen markaren pean aleek erregelamenduak eskatzen dituen kalitate parametroak betetzea, Arabako zerealen sektoreari balioa emateko eta komertzializatzeko aukera berriak sortzeko. Zerealaren jatorriaz (Araba) eta kalitateaz gain, Euskal Ogiaren erregelamenduak exijitzen du erabiltzen den garia Ekoizpen Integratuko teknikekin ekoiztea. Arau horrek laborearen kudeaketa osoko baldintzak uztartzen ditu, nekazaritzaren jasangarritasuna sustatuz ingurumenari zein produktuari dagokienez.

Baldintza horiek betetzeko, nekazaritza sektoreak ahalegin handiagoak egin behar ditu, araua betetzeko eta ziurtapena lortzeko kontrolak eta auditoriak gainditzeko. Horrenbestez, Arabako nekazariek ogitarako irina lortzeko kalitatezko gari barietateak ereiteko aukerak dituzte, lehengaiari eta egindako produktuari balio erantsia emanez.

Produktu berriaren aurkezpenean parte hartu dute Euskadiko okintza tradizionalaren sektoreko ordezkariek, Arabako zereal ekoizleek eta ordezkari instituzionalek. Horien artean zegoen Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politiketako sailburuordea, zeinak nabarmendu egin baitu nola garrantzia izan duen proiektuan Euskadiko lehen sektorearen eta okintza tradizionalaren sektorearen arteko lankidetzak, elikadura kate osoari balio erantsia ematen dion produktu bat merkaturatzeko, ekoizleak babestuz, garapen komertzialerako aukera handiagoekin eta tresna berriekin.

Saltokiak

Ogia, hasieran, Basque Label Okindegiak irudiarekin identifikatutako okindegietan salduko da, Euskal Ogia bereizgarriarekin. Proiektua abiarazteko 3 saltoki lehenetsi dira Euskadin (Donostia, Gasteiz eta Bilbo), eta azaroan beste 11 okindegitan eskuratu ahal izango da. 2021ean zehar, Euskal Ogia marka garatzeko plan anbiziotsu bat abiaraziko da, 2022an burutuko dena, 120 saltoki baino gehiagotara iritsita eta Araban 600 hektarea baino gehiago erabilita.

Oraingoz, kontsumitzaileari eskainiko zaion produktuaren gamak izango dira txapata, barra eta ogi biribila. Etorkizunari begira, Euskal Ogiaren eskaintza integral eta baguette modalitateekin zabaldu nahi da.