Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak Ertzaintzak Iurretako egoitzan dituen unitateak bisitatu ditu, bertatik bertara ezagutu ahal izateko bertako ekipamenduen, baliabideen eta materialen funtzionamendua.
Lehenbizi, Iurretako Basearen aurkezpena egin du Josu Markaida Laguntza Taktikoko Zentraleko buruak, eta, ondoren, lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Brigada Mugikorraren Unitatearen eraikina bisitatu du. Bertan Josu Alonso unitate-buruarekin eta unitateko hainbat arduradunekin hitz egin du, Bizkor patruilen lana ezagutu du eta ibilgailu berezien garajea bisitatu du.
Iurretako Basera egin duen bisitan, sailburuak Zaintza eta Erreskate Unitatea ere ezagutu du, eta bertan Jokin Badiola unitatearen buruordeak egin dio harrera. Unitate horretan uretako eta mendiko ataleko eta aeronautika ataleko droneek eta helikopteroek egiten duten lana ezagutu ahal izan du.
Azkenik, Julian Arruabarrena Lehergailuen eta NBQRen Unitateko buruak azaldu dizkio Lehergailuak Indargabetzeko Unitatearen eginkizunak eta eginbeharrak, eta pandemia garaian egindako lana.
Bisitari amaiera emateko, bisita labur bat egin du Lehergailuak Indargabetzeko Unitatearen museora.