Barakaldoko alkateak dokumentu ofizialetan berdintasunezko hizkuntza erabil dadila eskatu du

0

El Alcalde. Horixe da, hain zuzen ere, sei urtez Barakaldoko alkateak Espainiako Gobernutik, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusitik, iristen diren dokumentu ofizialetan behin eta berriz jasotzen duen sinadura. Del Campok idazki bat bidali dio Irene Montero Berdintasun  Saileko ministroari, erakundeari arma baimenen txarteletan genero femeninoa sar dezatela eskatzeko. Dokumentu horiek udalerri bakoitzeko alkateek sinatu behar dituzte, eta alkate kargua baino ez dute jasotzen.

«2015ean, alkate izan ginen lehen hilabeteetan, harritu egin zuen maskulinoa modu esklusiboan erabiltzen zuten dokumentu ofizialak ikustea, kontuan hartuta dokumentu horiek Estatu osoko udalerrietara bidaltzen direla eta, zorionez, urte asko daramatzagula gure herriak alkatetzetan ordezkatzeko ohorea dugun emakumeok», adierazi du Barakaldoko alkateak

Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiarekin harremanetan jarri zen alkatea telefonoz, Alkatetzara iritsi zela jakinarazteko eta genero femeninoa zuten txartelak bidal zitzatela eskatzeko. «Erantzun zidaten kartoi mehe guztiak genero maskulinoan inprimatuta zeudela eta bukatutakoan zuzenduko zituztela», adierazi du agintari barakaldarrak.

Egoera  aldatzen ez zela ikusita, 2017ko irailean, kexa errepikatu zuen, oraingoan idatziz, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiari, eta Bizkaiko Komandantziako koronel buruaren erantzuna jaso zuen adieraziz, » proposamena Guardia Zibilaren Armen eta Lehergailuen Kontu-hartzailetza Zentralera eraman zutela».

Era berean, egoera horren berri eman zion Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariari, eta hark erantzun zion «hasiak zirela aldaketa egiteko beharrezko tramiteak bideratzen».

«Ez dakit zenbatekoa den Guardia Zibilak 2015 urtean aipatzen zuen kartoi meheen stockaren bolumena, baina dagoeneko 5 urte igaro direnez, ez nuke pentsatu nahi  nire aurreko solaskideek ez dutela nire protesta kontuan hartu, txartelak oraindik ere maskulinoan iristen baitira», esan du.  «Oso ekintza kezkagarria dela uste dut, are gehiago emakumea Guardia Zibilean sartu zela 30 urte baino gehiago igarota, baina badirudi ez direla gai emakumeak administrazioetako goi-karguetara iritsi izana aitortzeko», adierazi du alkateak.

Puntu horretara iritsita, alkateak idazki bat bidali die Berdintasunerako ministro Irene Monterori eta Defentsako ministro Margarita Roblesi, egoeraren berri emateko eta neurriak lehenbailehen har ditzatela eskatzeko. Gainera, Del Campok idazkia igorri die Guardia Zibilaren zuzendariari, Emakumearen Institutuari eta Emakunderi. «Zoritxarrez, emakumeok diskriminazio ugari jasaten jarraitzen dugu, eta, seguru asko, hori ez da dugun larriena, baina erakunde publikoek eredu izan behar dugula uste dut, eta onartezina iruditzen zait hain erraza den zerbait konpondu gabe jarraitzea», esan du alkateak.