Barakaldoko Enplegu Planean sartzeko informazio-saioetara 285 lagun joan dira

0

Enplegu, Gizarte-kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok jakinarazi du 285 lagun joan direla barakaldarrak 2020-2021eko Enplegu Planera biltzen laguntzeko informazio-saioetara. Haren departamentuak sustatu du plana, Inguralde garapen agentziaren bitartez.

Saio horiek irailaren 14an hasi, eta duela gutxi amaitu dira. Guztira, 21 saio egin dira, eta horietan Barakaldon bizi diren langabeek hartu dute parte. Aldez aurretik, parte-hartzaileek enplegu-zentroan izena eman behar zuten.

«Ikusi dugunez, prestakuntza espezifikorik eskatzen ez duten lanpostuak dira interes handia sortzen dutenak: peoia, administraria, gidaria…» adierazi du Pizarrok, eta gogorarazi du Enplegu Planean aurreikusitako 210 lanpostuetako asko mota horretakoak direla.

Egunean bi informazio-saio egin dira, gehienez ere 10 lagunekin. Pertsona horiek maskararekin joan behar izan dute, eta segurtasun-distantzia egokia gorde behar izan dute, Covid-19a dela eta agintariek ezarritako osasun-neurriak betetzeko.

Informazio-saioak eskaria egon den bitartean antolatu dira, baina horiek amaitzeak ez du esan nahi Enplegu Planean aurreikusitako kontratazioetan interesa duten barakaldarrei orientazioa eta informazioa emateari utziko zaionik.  Hemendik aurrera, Inguraldek Innobak Beurko eraikinean (Dolores Ibárruri pasealekua 82, Beurko zaharra) edo 944 189 044 telefono bidez egingo du lan hori.

«Oso garrantzitsua da planean parte hartu nahi dutenek enplegu-eskaria eta Lanbideko curriculuma eguneratua izatea, Lanbidek berak egiten duen hautagai-hautaketan sartuta egoteko» gogorarazi du Juan Antonio Pizarrok.