Barakaldoko ostalaritzako lokal bat salatu du Tokiko Poliziak 07:00etan jai bat ospatzeagatik

0

Joan den asteburuan Barakaldoko Tokiko Poliziak osasun neurriak betetzen direla kontrolatzeko prestatutako antolamenduaren barruan, ostalaritzako lokal bat salatu du, goizeko 07:00etan jai bat ospatzen  ari zelako giza talde bat.

Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi Ángel Madrazok argitu duenez, bigarren aldia da azken asteotan Tokiko Poliziak harrapatu duela establezimendua Covid-19aren kutsadurari aurrea hartzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Saiak ezarritako neurriak hausten.

«Koronabirusa ez hedatzeko arauekiko erabateko mespretxua erakutsi dute ostalaritza lokaleko jabeek aurreko aldiko modu berean jokatu dutelako, eta orain, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legea ustez larriki hausteak dakartzan ondorioei, alegia, 3.000 eta 15.000 euro bitarteko isuna ordaintzeari, aurre egin beharko diote.

Igande goizean gertatu zen arau-haustea, eta ustekabean izan zuten horren berri: onartutako alkohol tasa gaindituta gidatzeagatik salatu zuen udaltzaingoak gidari bat, zeinak adierazi baitzuen lokal horretan festan egon zela.

Hori jakinda, establezimendu ingurua zaintzeko dispositibo bat antolatu zuen poliziak, eta halatan egiaztatu zuten pertsiana jaitsita zegoen arren, barrutik jendea irteten ari zirela.

Pertsona talde bat irteten ari zela aprobetxatuz, Udaltzaingoa berehala sartu zen lokalean ikuskapen bat egitera, eta egiaztatu zuen bertan, arduradunaz gain, beste 8 pertsona zeudela, guztiak musukorik gabe. Lokalaren barruan dantzarako gune bat zegoela ere ikusi zuten, ezarritako murrizketa hautsiz, bai eta festa-dekorazioaren hondarrak ere.

Angel Madrazok lokal horretako arduradunen jarrera deitoratu du, baina, beste behin ere, herriko ostalari gehienen jarrera zuzena dela azpimarratu du:

«Udaltzaingoak erne dihardu lokal guztiek ezarritako neurriak bete ditzaten, eta orain arte Barakaldoko ia ostalari guztiak ari dira neurriak betetzen».