Beste inskripzio epe bat zabaldu du Barakaldo Hiriko Soinuak musika-lehiaketak

0
El Drogasekin arituko dira kategoria nagusiko eta bertoko artista onenaren kategoriako banda garaileak datorren azaroaren 7an. Pandemia dela-eta, lehiaketaren oinarriak aldatu egin dira, baina disko eta singleen grabaketa sariak Gaua Producciones-en estudioan egingo dira. Urriaren 20a baino lehenago izena eman duten bandak martxoaren 18an amaitutako lehenengo inskripzio-faseko beste 83 proiektuei erantsiko zaizkie.

Covid-19aren ondorioz joan den martxoan dekretatutako alarma egoeraren karietara, Hiriko Soinuak banda eta bakarlari gazteen lehiaketaren finala, apirilaren 4an San Bizente parkean egitekoa zena, geroratu egin zuen Barakaldoko Udalak. Hori horrela, beste horrenbeste egin zuen El Drogasek eta artista irabazleek maiatzaren 9an Barakaldoko Herriko Plazan eman beharreko doako jaialdiarekin. Barakaldoko Udalak lehiaketaren oinarriak aldatu egin ditu orain, pandemiak eragindako egoera berrira egokituz, eta herritarren, artisten eta langileen osasuna babesteko eta Covidaren araudia betetzeko.

Oinarri berriek Bay Of Biscay Festivalen kategoria nagusiko artistarik onenarentzako emanaldia ezabatzen dute (2020an bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz), eta Hiriko Soinuak jaialdiaren bigarren edizioko lau kategorietako irabazleak zuzenean aukeratuko ditu epaimahai profesionalak, finalik egin gabe, eta urriaren 27an jakinaraziko da nortzuk izan diren.